Euskal Herria

Osasun etxe eta liburutegietan lanpostu elebidunak sortzea baztertu du Nafarroako Parlamentuak

Eskariaren aurka egin dute UPNk eta PPNk; alde bozkatu dute Bilduk eta Aralar-NaBaik; PSN abstenitu egin da; Ezkerra abstenitu egin da lehen puntua bozkatu denean, eta alde egin du mozioa osorik bozkatu denean.

urtzi urkizu
2014ko martxoaren 27a
07:20
Entzun

Aralar-NaBai eta Bildu taldeek aurkeztu dute proposamena. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariari jarraiki, Nafarroako Gobernuari osasun etxe eta liburutegietako hainbat lanpostutan postu elebidunak sortzeko eskaria egiten duen mozioa eztabaidatu dute. Mozioaren helburua zen eremu euskaldunean bizitza sozial "guztia", publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak lantzea. Nafarroako Parlamentuak, ordea, ez du proposamena onartu.

Aralar-NaBaiko Nekane Perezek hizkuntza politika "duina" eskatu du. "Eta, gutxenik, euskararen legea betetzeko". Gogorarazi du udalerri euskaldunetako liburuzainen postu bakar batek ere ez duela hizkuntza eskakizunik. Euskarazko zerbitzuak bermatzeko langile euskaldunak behar direla nabarmendu du Perezek.

Bilduko Bakartxo Ruizek, bestalde, honako hau salatu du: "Nafarroako Gobernuak pareta jartzen dio euskarari. UPNk ez du euskara normalizatu nahi. Euskararen legea ez da betetzen, eta administrazioak herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu". Liburutegi eta osasun etxeetako zerbitzuak euskalduntzea "estrategikoa" dela gaineratu du.

Nafarroako Parlamentuak emandako ezezkoarekin kexu azaldu da Uema, «euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu duelako».  Uemak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela legea errespetatzen, eta azterketek frogatzen dutela ez dela euskarazko zerbitzurik bermatzen osasun etxe eta liburutegietan. «Nafarroako Gobernuak udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak zanpatzen ditu etengabe», gaineratu du Uemak. Mankomunitateak ihardetsi du Nafarroak hizkuntza politika berria behar duela, «euskara Nafarroako hizkuntza dela onartu eta bertako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuko duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.