«Osasun Ikerketarako Institutuko batzordean parte hartzeko gonbita jaso du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak». Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak atzo adierazi zuenez, NUPeko ikertzaileak proiektuan parte ez hartzeagatik «irainduta» sentitu direla-eta parte hartzeko aukera emango diete. NUPek gonbitari erantzun behar dio orain, eta eskaintza onartuta ere, horren parte-hartzea zein izango den ez dago argi. «Ikerketa maila oneko eta itzal handiko unibertsitate publikoa dugu», azaldu zuen Kutzek atzo. Beraz, NUP Osasun Ikerketarako Institutuko batzordeko kide ez izateko arrazoirik ez dagoela argudiatu zuen. NUPek gonbidapena onartzen badu «hutsetik hasiko» direla adierazi zuen Kutzek, lehengo astean auzi horren harira sortu zen polemika atzean utzi nahian.
Izan ere, lehengo astean katramila handia eragin zuen auzi horrek. Maria Kutzek Osasun Ikerketarako Institutuko parte-hartzaileen berri otsailaren 17an eman zuen Nafarroako Parlamentuan: Nafarroako Ospitalea eta Nafarroako Unibertsitatea—Opus Deik kudeatua— aipatu zituen. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, berriz, institututik at utzi zuen. Kutzen arabera, NUPek ez du aski ikerketa sail «indartsua».
Berehala, NUPeko ikertzaileak eta oposizioko alderdi politikoak erabakiaren kontra agertu ziren. Alderdi barruan ere kritikak jaso zituen Kutzek. UPNko presidenteak, Yolanda Barcinak, Osasun Departamentuaren erabakia kritikatu zuen. Barcina NUPeko ikertzailea da, eta unibertsitateko ikerketa saila «kalitatezkoa» dela azaldu zuen. Erabakia aldatzeko ahaleginak agindu zituen.
NUPeko ikertzaileak «baztertuta» sentitu ziren. Kutzek azalpenak eman nahi izan dizkie orain. «Nire nahia ez zen unibertsitate publikoko ikertzaileak iraintzea, baina horrela interpretatu zuten askok». NUPen parte-hartzea berriz aztertzea ikertzaileen kritikak aditu eta gero erabaki zuela esan du Kutzek. Barcinaren hitzak «aztertu» zituela dio, baina ez duela haien presiopean jokatu.
NUPek zer egin erabaki behar du orain. Institutuko batzordeko kide izatea erabakitzen badu prozesua berriro hasieratik abiatuko dela azaldu du Kutzek. Erakundean unibertsitate publikoaren eta Opusek kudeatzen duen unibertsitatearen parte-hartzea maila parekoa izango den ez du zehaztu, ordea. «Hori denborarekin erabaki beharko dugu. Garrantzitsuena proiektua bera da».
Gai horren inguruan izan den «manipulazio politikoa» kritikatu nahi izan du Kutzek. Minduta dago. «Alderdiek helburu politikoekin eta hauteskundeak gertu daudelako hitz egin dute; UPNren eta unibertsitate publikoaren artean ez dagoen gatazka eragin nahi izan dute».
Osasun Ikerketarako Institutuan parte hartzeko gonbita jaso du NUPek
Unibertsitateak erakundetik at geratzea «irain» gisara hartu zuelako aldatu du bere jarrera Maria Kutzek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu