Gaixoentzat onurak ekarriko dituela ziur daude agintariak, izan ere, Patxi Lopezek azaldu zuenez, «laborategitik gaixoen ohera doan ezagutza bultzatuko da, gaixoen zaintza eraginkorragoa izateko».
Biodonostiak gaixoentzat produktu «onuragarriak» garatuko ditu, eta horiek merkaturatzeko aukera ere izango du. Halaber, sei ikerketa lerro izango ditu: infekzio eritasunak; digestio gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak eta sistematikoak; medikuntza erregeneratiboa; bioingeniaritza; neurozientziak; eta epidemiologia klinikoa eta osasun publikoa. 270 adituk egingo dute lan zentroan.
Biodonostiaren proiektua garatu ahal izateko instituzioek, unibertsitateek -EHU-, ikerkuntza zentroek eta enpresek elkarrekin egindako lana goraipatu zuen Jaurlaritzako lehendakariak: «Elkarren arteko estrategia izan da, eta horrek erakusten du herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuetan ados jartzeko gaitasuna». Horren haritik, garrantzitsutzat jo zuen zientzia, ikerketa eta berrikuntza osasunaren alorrean ezartzea, «ekonomiaren hazkundea eta enplegua sortzeko». Lopezek emandako datuen arabera, ikerkuntza eta berrikuntzaren lan ildora iaz osasun sistemak 40 milioi euro bideratu zituen, eta datu hori «historikotzat» jo zuen, aurreko urteekin alderatuz %22 egin baitu gora diru kopuruak. Cristina Garmendia Espainiako ministroak ere datu hori nabarmendu zuen, izan ere, haren esanetan, Espainian ikerketa eta garapen alorrean gehien inbertitzen duen bigarren erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa, Madrilen atzetik. Garmendiak berak parte hartu zuen Biodonostia sortzeko lehen bileretan, eta «ziur» dago Europako zentro lehiakorrenen artean egoteko gai dela. Espainiako Gobernuak 6,9 milioi euro jarri ditu.
Markel Olano ahaldun nagusiak, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ahalegin ekonomikoa nabarmendu zuen: «Gipuzkoa lurralde txikia da, baina aukera bikaina dauka bioingeniaritzan eta osasun eta bizi-kalitatearen arloan aitzindari izateko».