Oposizio osoa —PP izan ezik— ados jarri da Nafarroako Parlamentuan: Marta Vera Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu du. Ospitale publikoetako sukaldeak enpresa pribatuen esku uzteagatik eskatu diote dimisioa.
Mozio bat onartu dute, eta, hain justu ere, atzera egiteko eskatu diote gobernuari: publikoa izan dadila sukalde zerbitzua. Kontuan izatekoa da kexu ugari eragin dituela zerbitzu horrek enpresa pribatuen esku utzi zutenetik, janariaren kalitate eskasa dela eta; gainera, kontu ganberak ohartarazi du gastua handitu egin duela pribatizazioak.
Ez da hori, ordea, Vera kontseilariaren arazo bakarra. Osasunbideko kudeatzaile Juan Jose Rubiok dimisoa emateko asmoa azaldu zuen herenegun, eta atzo kendu zuten kargutik. Rubiok azaldu zuen Osasunbideko zuzendaritzako kide batzuk kontra izan dituela, eta bulegotik atera gabe egoteko agindu ziola Vera kontseilariak; hark erantzun du Rubio ez dela "gai" Osasunbidearen arduradun izateko.
Cristina Ibarrola izango da ordezkoa; Osasun Departamentuan zuzendari izan da orain arte. Osasunbideko laugarren kudeatzailea izango da agintaldi honetan.
Dimisio eskariei entzungor egin die Verak orain arte. Yolanda Barcina presidenteak babestu egin du gaur. Aitortu du arazoak izaten ari direla osasun zerbitzuan: "Egoera ekonomiko zaila kudeatzea egokitu da, orain artekoak baino baliabide gutxiagorekin, eta tentsioa sortu du horrek".