Osasun langileen elkarteek mozketei buruzko dekretua baztertu dute

Medikuak kontzientzia eragozpenera jotzea aztertzen ari dira, paperik gabekoak artatu ahal izateko

Erredakzioa
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko osasun sektoreko langileak biltzen dituzten hamar elkartek agerraldia egingo dute bihar Bilbon, murrizketak ezartzeko Espainiako Gobernuak onartu zuen errege dekretuaren aurkako jarrera adierazteko eta «pertsona guztien osasunerako eskubidea» aldarrikatzeko. Deitzaileen artean daude, besteak beste, Bizkaiko Medikuen, Farmazialarien eta Erizainen elkargoak, Familia eta Komunitate Erizaintza zein Medikuntzako elkarteak, Osalde osasun eskubidearen aldeko elkartea, Munduko Medikuak eta Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkartea.

Mozketen ondoriozko egonezina agerikoa da osasungintzan, eta atzo agerian geratu zen, bai taldeon deialdiarekin, bai Bilbon Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkartea egiten ari den jardunaldietan. Taldeko presidente Josep Basorak atzo jakinarazi zuen paperik gabeko etorkinei osasun laguntza kenduz gero «kontzientzia eragozpenera» jotzea aztertuko dutela: «Osagile batek, bere kode deontologikoaren eta kontzientziaren ondorioz, ezin du paziente bat artatu gabe utzi. Pertsonak artatzen ditugu, ez asegurudunak». Gaineratu du gobernuak ezin dituela medikuak etorkinok artatu ala ez erabakitzeko egoeran jarri.

Espainiako exekutiboak dekretuaren bidez ezarritakoaren arabera, osasun txartela kenduko die paperik gabekoei. Hartara, larrialdi zerbitzuek baino ez diete arreta emango, gaixotasun larrien edo istripuen kasuetan; haurdunak eta adingabeak izango dira salbuespena. Basorak nabarmendu du «zientifikoki frogatuta» dagoela lehen unean gaixo bat ez artatzeak kalte handiagoa ekar dezakeela, gerora «askoz pertsona gehiago» artatu behar izatea ekar dezakeelako. Beraz, neurria aplika ez dezaten saiatuko da elkartea.

60.000 lagun arreta gabe

Eusko Jaurlaritzak murrizketei buruzko dekretua beteko balu, 17.000 etorkin osasun zerbitzurik gabe geratuko lirateke, Munduko Medikuak elkartearen arabera, baita kotizatu ez duten 25 urtetik gorako 13.500 langabe ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 60.000 lagunek galduko lukete osasun arreta, elkarteak herenegun emandako datuek diotenez. «Gaixo horiek larrialdi zerbitzuetara joan beharko dute, eta, horren ondorioz, zerbitzuok gainezka egingo dute», ohartarazi zuen Teresa Maura Munduko Medikuak elkarteko presidenteak. Medikuek gaixo horiek artatzeko eskubidea dutela esan zuen Maurak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.