Osasun langileen ustez, murrizketen bitartez ez da dirurik aurreztuko

Herritar guztiak orain arte bezala artatzen jarraituko dutela berretsi dute hamar elkarte profesionalek

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Osasun arloko langileek lehen erantzuna eman diete Espainiako Gobernuaren murrizketei: kode deontologikoek babestuta, kontzientzia eragozle bihurtuko dira, eta ez dituzte mozketak aplikatuko, gaixo guztiak artatzen jarraitu ahal izateko. Izan ere, Osasun Ministerioaren dekretua «insolidarioen» eta «arrazisten» dekretu bat dela diote. Baina, horrez gain, ohartarazi dute horrekin dirurik ez dela aurreztuko.

Hego Euskal Herrian 19.000 langiletik gora biltzen dituzten hamar taldek agerraldia egin zuten atzo Bilbon, dekretuaren aurkako jarrera azaltzeko eta osasun sare publikoan banatuko duten manifestua aurkezteko. Osalde osasun eskubidearen aldeko elkarteko presidente Juan Luis Uriaren hitzetan, «oso erraza» izan zaie ados jartzea, «arazoa oso argia delako». Beraz, elkarteotako ordezkariek banan-banan adierazi zuten ez dutela beteko dekretua, eta herritar guztiak artatuko dituztela, orain arte bezala.

Langile horientzat, «erabat bidegabea» da biztanle batzuei osasun eskubideak ukatzea. «Arduragabea» ere bada, «osasun publikoko arazo bat ekar dezakeelako, gaixotasun kutsakorrekin adibidez», Angel Alaio Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidenteordearen arabera. Baina «kontzientzia arazo bat» ere eragiten diela erantsi du: «Nola ukatuko ditugu gure lana eta arreta? Hori inoiz ez da gertatu herri honetan».

Elkarteotako langileek gaineratu dute beste era bateko helburuak ikusten dizkiotela, esaterako, paperik gabeko etorkinei arreta ukatzeari. «Gehienak osasuntsu heltzen dira, osasun zerbitzuak ia ez dituzte erabiltzen. Neurria ez da ulergarria ikuspegi ekonomikotik; garestiago aterako zaie atean zaintzaile bat jartzea», esan du Alaiok. Osasun Mentalaren Elkarteko buru Iñaki Markezek gaineratu du neurria «ideologikoa» dela, «diskurtso ofizialetan ezin aitortuzkoa».

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ere dekretuaren aurka «irmo» segitzeko eskatu diote, Uriaren esanetan, «esku sartze nabarmena delako eta autogobernua auzitan jartzen duelako». Gogora ekarri dute langileen zein administrazioen irmotasunak aldaketak ekar ditzakeela; asteon osasun arretarako eskubidea berriz aitortu die gobernuak 100.000 eurotik behera kobratuta kotizatu ez dutenei. Baina, aldaketen ordez, dekretua bertan behera uztea nahi dute taldeek: «Zentzugabekeria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.