Azken dimisioen ostean, Osasunbideko arduradun berriak aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak. Juan Jose Rubio izango da Osasunbideko zuzendari kudeatzaile berria, Victor Peralta Nafarroako Ospitale Guneko zuzendaria eta Maria Jesus Calvo zentro horretako zuzendaria. Marta Vera Osasun kontseilaria ez da agerraldian egon. Jose Luis Sanchez de Muniain foru gobernuko bozeramaileak eman du izendapenen berri. Hark azaldu du zein izango den arduradun berrien helburu nagusia. "Osasun profesionalen inplikazioa areagotzea nahi dugu, ditugun erronkek hori eskatzen baitute; kronikoen arretak, adibidez". Osasun alorreko plan berria aurkeztu zuenean, hain justu osasun profesionalak kontuan ez hartzea egotzi zioten sindikatuek Verari.
Aurreko taldeak "presio handiarekin" lan egin dutela esan du, eta batzuek horregatik utzi dutela kargua. "Lan ona egin dute, eta zituzten helburuak beteta, departamentuan garai berri bat hasteko unea da". Murrizketak izan arren, Muniainek uste du zerbitzuaren kalitateari eutsiko zaiola. "Guztien ahalegin eta inplikazioarekin lortuko dugu".