Maiatzaren 20an jakinarazi zioten Bizkaiko Epidemiologia Unitateari Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasgela batean hiru tuberkulosi kasu agertu zirela. Osakidetzak kasu horietarako aurreikusitako osasun jardueren protokoloa aktibatu zuen. Horri jarrituz, kontaktuen azterketa egin zitzaien hasieran detektatu zituzten hiru ikasleen gelakideei. Lehen emaitzen arabera, gela horretako bi kasu gehiago antzeman dituzte, eta gehiago egon daitezkeela ohartarazi dute gaur, prentsaurreko batean, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok eta Osakidetzako Osasun Publikoaren eta Pazientearen Segurtasunerako programen koordinatzaile Enrique Peirok. Beste bi kasuak ikasle horien lagunak dira.
Jakinarazi dutenez, ikasle egoitzako 28 ikasleri egindako analisiek negatibo eman dute. Dena den, zaintza aktibo eta zorrotza iragarri dute datozen asteetarako: 18 irakasle eta 46 ikasle deitu dituzte azterketak egiteko, lehenik agertu ziren kasuekin harremana izan zutelako ikasgairen batean. Halaber, zaintza aktiboa indartu da 100 ikasleren gainean, gaixotutako ikasle gehiago ez dagoela egiaztatzeko.
Arnas tuberkulosia gaixotasun kutsagarria da. Normalean, birikei eragiten die, nahiz eta beste organo batzuei ere eragin ahal dieten. Kutsatzeko bide nagusia airea da, eta transmititzeko arriskua gaixotasuna duen pertsonaren "infekzio gaitasunaren" araberakoa dela esan dute, baita gaixotasuna duen pertsonarekin harremanetan dauden pertsonak "jariakinekiko duten esposizio motaren eta norberaren erresistentzia gaitasunaren araberakoa ere".
Mezu lasaigarria bidali nahi izan dute: tratamendu egokia jarrita eta gaixoak "behar bezala" betetzen badu, gaixotasun sendagarria da. Herritarrek gaixotasunari edo osasun premiei buruz dituzten zalantza guztiak argitzeko telefonoak jarri dituzte: Araban, 945-20 30 20; Bizkaian, 944 203 020; eta Gipuzkoan, 943-20 30 20.