Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean esan du 70eko hamarkadan ETAk jarritako bonba batek suntsitu zituela haur lapurtuen kasua ikertzeko lagungarriak izango liratekeen zenbait dokumentu. Hain zuzen, "1975ean erregistro baten aurka egindako atentatu batean desagertu zen materiala", Bengoaren arabera.
Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, "zailtasunak" daude jaiotzen eta ustezko legez kanpoko adopzioen inguruan frogak aurkitzeko, gehienak 60 eta 70 hamarkadan izan zirela kontuan hartuta.
Ospitale publikoak datuak biltzen dihardutela azaldu du Bengoak, eta "klinika pribatuak ere hasi dira informazioa bilatzeko lanetan". Hala ere, Osakidetzak ezin dizkio "edonori" dokumentu horiek helarazi, Datuen Babeserako Legearengatik.