OSASUNA. MEDIATOR BOTIKA. Frantziak onartu du Mediator botikak 500 pertsona hil dituela

Botika hartzaileei sendagilearengana joateko eskatu diete Frantziako Osasun ministroak eta Osasun Segurtasunerako Agentziak

Aitor Renteria. Baiona / Ainara Arratibel
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hogeita hamabost urtean Mediator izeneko botikak bostehun eta mila heriotza artean eragin dituela jakinarazi du Frantziako Osasun Segurtasunerako Agentziak (Afssaps). Iragarpena egiteko, Frantziako Gizarte Segurantzaren kutxak egindako balioespenean oinarritu da. Hiru hilabetez Mediator izeneko botika hartu duten pertsonei sendagilearengana joateko eskatu die FrantziakoOsasun Segurtasunerako Agentziak (Afssaps). Eskari bera egin die Xabier Bertrand Frantziako Osasun ministro berriak «nagusiki azken lau urteotan hiru hilabetez Mediator botika hartu duten pertsonei».

Servier etxeak ekoitzi du Mediator botika, eta nagusiki diabetikoek hartzen dute, baina eritasun hori ez duten pertsonek ere hartu izan dute, pisua galtzeko. 1975ean ezarri zuten merkatuan, eta 2009az geroztik debekaturik dago Frantzian. Espainiako Estatuan 2005ean debekatu zuten antzeko botika baten salmenta. Servier laborategiko arduradunen iritziz, kopuruak hipotesiak baino ez dira, eta hildakoak anitzez gutxiago izan daitezke. Kopurua hori balitz, kontuan harturik Mediator botika 35 urtez saldu dela, eta 500 hildako eragin dituela, botikak duen arrisku portzentajea %0,005ekoa dela diote.

Salmenta debekatu dutenetik bederen bertze lau salaketa jaso ditu Servier etxeak. Auzitegiek ere zigortu dute orain baino lehen Servier laborategia, gosea kentzeko erabili izan ohi denIsomeride izeneko produktu bat ekoizteagatik.Isomeride eta Mediator botiken osagaietan antzekotasun handiak daude. 1997az geroztik ez dago salgai Isomeride botika.

«Mediator botika hartzean, bihotz maskorrak gehiegi itxi daitezke edo sobera ireki», dio Bruno Aizpitartek, Baionako erietxeko familia sendagileak. Gogoratzen du Prescrire osasun aldizkariak botika horri buruzko oharrak egin zituela aspaldian. Ohar horien ondoren sendagile ugarik ez zutela baliatzen nabarmendu du. «Nik gutxitan eman diot botika hori eri bati, lehenik susmoak zeudelako eta bigarrenik diabetesaren aurka sendagailu hobeak daudelako».

Bostehun heriotza horien heinera heltzeko, Gizarte Segurantzaren kutxak erkatu ditu hirietako Mediator botikaren erabiltzaileak, erietxera eraman behar izan dituzten pertsonen kopuruak eta heriotza kasuak. Fabienne Bartoli Assapfseko zuzendariordearen arabera, hipotesirik txikiena da iragarritakoa. 3.500 pertsona eraman behar izan dituzte erietxera botika saltzen hasi zenetik. «Botika erabiltzeari utzi eta lehen bi urteetan gertatu dira arazo gehienak», nabarmendu du Bartolik berak.

Bihotz arazoak hirukoiztu

Gizarte Segurantzak diabetesa zuten 43.000 erirekin egindako lehen inkesta batean agertu zen Mediator botika hartu zuten eriengan bihotz arazoak hirukoizten zirela. Ebakuntzen kopurua ere laukoizten zela nabarmendu zuen. Emaitzak eskuan, beste inkesta bat egin zuten heriotza kopurua zehazteko. Joan den astelehenean eskuratu zituzten emaitzak, eta horren argira, heriotzak bederen 500 izan direla segurtatu dute.

Mediator hartu duten pertsonek gutun bat jasoko dute etxean, eta sendagilearengana joateko eskatuko diete. Hark arazorik atzemanen balu, bihotz azterketak egiteko eskatuko lioke eriari, erietxeko zerbitzuek azterketa egitera bidaliz. Gizarte Segurantzaren arabera, Frantzian kaltetuak «milaka eta milaka pertsona» izan daitezke.

Rennesko Unibertsitateak (Bretainia) ekainean egindako ikerketa baten arabera, urtero 300.000 pertsonak hartu izan dute Mediator, eta, horren ondorioz, urtero 150 eta 200 pertsona artean eraman behar izan dituzte erietxera. Gainera,30 heriotza inguru gertatu dira urtero. Ikerketa horretan oinarritu dira adierazteko heriotza kopurua bostehun eta mila artekoa dela.

Hildakoen kopuru zehatza jakiterik ez dagoela nabarmendu du Aizpitartek. Iragarri diren kopuru horiek ustezko kalkulu bat direla azpimarratu du. Izan ere, ez dago jakiterik bihotzekoak jota hil diren pertsonen kasuan arrazoia Mediator hartzea den. Baionako Gizarte Segurantzak ere ez du datu zehatzik eman.



Avandia: diabetikoentzako beste botika bat, debekatuta

Diabetes gaitzari aurre egiteko erabiltzen zen botika bat (Avandia) merkatutik kentzeko eskatu zuen Botiken Europako Agentziak (EMEA) irailean. Izan ere, Avandia hartzeak gaitz kardiobaskularrak eragin ditzakeela argudiatu zuen EMEAk erabakiaren berri ematean. Avandia GlaxoSmithKline (GSK) botika enpresa multinazionalarena da, eta eztabaida handia eragin du zientzialarien artean azken urteotan. The New York Times egunkariak argitaratutako ikerketa lan baten arabera, Glaxok ezkutuan izan ditu urte askoan botikak eragin ditzakeen arazoak frogatutzat jotzen zituen azterketak. Izan ere, egunkari beraren arabera, 1999an egin zuen azterketa batean ikusi zuen kalteak eragin zitzakeela Avandiak. Botiken Europako Agentziak Europako Batzordeari egin zion irailean Avandia merkatutik erretiratzeko aholkua, eta laster har lezake debekatzeko erabakia. Ameriketako Estatu Batuetan ere mugatu egin dute botikaren salmenta, bihotzekoak izatea errazten duelako. Hala ere, AEBetako merkatuetan saltzen dute orain-dik.



«Bereziki, eta 2 motakoari dagokionez, obesitate eta sedentarismoarengatik zabaltzen ari da gaitza»

LLUIS FORGA
Nafarroako Ospitaleko endokrinologia saileko burua


220

Munduan diabetesa duten pertsonak milioitan. Gaur egun 220 miloi lagunek dute gaitza munduan, eta, hori gutxi balitz bezala, datozen urteotan nabarmen handi daiteke kopurua. Izan ere, bikoiztu egingo da gaixoen kopurua 2030erako, ezer egiten ez bada, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez.



@sarean

Herritar askori eragiten die diabetes gaitzak. Hegoaldean, herrialde guztietan daude elkarteak. Ondokoak loturak:

www.agdiabetes.org/

www.asociacionvizcainadediabetes.org

www.adalava.es

www.anadi.es



Programa bat jarri du martxan Osakidetzak gaitzaren aurka

Osakidetzak gaitzari aurre egiteko programa jarri du martxan. Batez ere, 2 motako gaitzari aurre egin nahi diote, gaitza eduki dezaketen pertsonak zeintzuk diren zehaztu ahal izateko. Izan ere, uste dute diabetiko ugari daudela gaitzaren berri ez dutenak. Egun 310.000 lagun inguruk dute gaitza Hegoaldean.



Juan Jose Bilbao.Lehen arretako medikua
Andoaingo osasun etxean egiten du lan Juan Jose Bilbao medikuak. Egun gero eta diabetiko gehiago dagoela dio. Elikadura desegokia eta sedentarismoa dira horren arrazoia, haren ustez.

«Diabetesaren aurkakobotika hoberenak betikoak dira, eta ez berriak»

Ainara Arratibel.

Botika enpresen eskaintza gero eta handiagoa izan arren, intsulina, metformina eta sulfonilurea dira diabetesaren aurkako botika hoberenak, Juan Jose Bilbao lehen arretako medikuaren ustez. «Botika klasikoak dira, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke». Prebentzioaren beharra ere azpimarratu du. «Zenbat eta beranduago azaldu gaixotasuna, gorputza gutxiago hondatzen da».

Hegoaldean erabili izan al da Mediator botika? Zein ezaugarri ditu?

Ez. Orain dela bost urte arte hemen antzeko botika bat zegoen. Ez zen asko erabiltzen, eta erretiratu egin zuten, arrazoi berberengatik: bihotzeko balbulak deformatzen zituen. Horren ondorioz, balbulopatiak izaten zituen gaixoak. Botika horiek anfetaminen eratorriak dira, eta jateko gogoa kentzeko erabiltzen ziren. Hala, gaixoak pisua galtzen zuen, eta azukre eta kolesterol mailek behera egiten zuten.

Zein hausnarketa egiten duzu Frantziako Gobernuak egindako iragarpena ikusita?

Berriro ere alarma sortzen ari dela. Guk geuk, gainera, komunikabideen bidez jakiten ditugu halako berriak. Albisteen jakintza eta ezagutza edozeinen eskura dago gaur egun teknologia berriei esker. Dena oso azkar gertatzen da, eta, ondorioz, albisteen oihartzuna gero eta handiagoa da. Duela gutxi ere erretiratu zuten diabetesaren aurkako beste botika bat Europan. Botika hori ez genuen ia erabiltzen. Izan ere, susmoak hartuak geunden haren inguruan. Albiste horrek ez zuen horrenbesteko oihartzuna izan.

Alarma aipatu duzu. Zuk, lehen arretako medikua izanik, espero al duzu gaixoren bat kontsultara joatea albistearen ondorioz?

Ez. Esan bezala, hemen ez da erabili, eta antzeko ezaugarriak zituen botika duela bost urte erretiratu zuten. Dena den, hemendik 30 minutura saltzen zela kontuan hartuta, gerta liteke hemengo norbaitek erosi edo hartu izana. Izan ere, gero eta gutxiago izan arren, oraindik ere batzuek badute ohitura hara joateko botikak erostera.

Zeintzuk dira diabetesaren kontra egun erabiltzen diren botikak?

Diabetesa dutenen kopurua gora egiten ari denez, botika enpresen eskaintza gero eta zabalagoa da. Gero eta botika gehiago daude diabetesaren kontra. Baina diabetesaren kontrako botika hoberenak betikoak dira -intsulina, metformina eta sulfonilurea-, eta ez berriak. Gainera, botika berri horien prezioa oso garestiada.

Gero eta diabetiko gehiago dagoela esan duzu. Zergatik?

Arrazoi medikoak alde batera utzita, bizi-itxaropena gero eta handiagoa da. Ondorioz, diabetes kasu gehiago azaltzen da. Askotan esaten da 120 urte biziko bagina denak izango ginatekeela diabetikoak, pankreasa hondatu egiten delako. Gainera, gaixotasunaren inguruko kontrola gero eta handiagoa da. Ondorioz, gaur egun diagnostikatuta dauden gaixoak gero eta gehiago dira.

Baina zerk sortzen du diabetesa?

Gaixotasun batek eragin dezake diabetesa: adibidez, pankreaseko infekzio batek. Horren ondorioz, pankreasean zati bat hondatu egin daiteke, eta ez da gorputzak behar adina intsulina sortzen. Arrazoi genetikoak ere badaude. Horiei bizi ohitura desegokiak gehituz gero, gainera, arriskua handiagoa da. Adibidez, jendea gero eta sedentarioagoa da eguneroko bizitzan, gutxiago mugitzen da. Gero eta ohitura gutxiago dago lanera, ikastera edo erosketak egitera oinez joateko. Nik Andoaingo osasun etxean egiten dut lan, adibidez, eta ondoan ikastola dago. Guraso gehienek autoan eramaten dituzte haurrak eskolara. Ulertezina eta harrigarria iruditzen zait hori. Halaber, ia leku gehienetan daude igogailuak eta eskailera mekanikoak. Ondorioz, jendeak gero eta ohitura gutxiago du eskailerak igotzeko; eta hori dagoen jarduera osoenetarikoa da. Jendearen egungo elikadura ohiturak ere ez dira aproposenak.

Botikekin ez ezik, zerekin egiten zaio aurre diabetesari?

Egoki elikatuz eta sedentarismoa gutxituz. Hori oso garrantzitsua da, bai gaixotasuna ez izateko, bai gaixo egonez gero azukre maila ez igotzeko ere. Prebentzioa oso garrantzitsua da. Gaixotasuna zenbat eta beranduago azaldu, gorputza are eta gutxiago hondatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.