Osasuna jaitsiera postuetatik urruntzeko aukera ona galdu du Valladoliden aurka. Kontrarioa baino gehiago izan da eta gol aukera gehiago eta hobeak izan ditu, batez ere bigarren zatian. Ate aurrean, baina, ez du asmatu, hor du zuloa taldeak, eta sufritzen jarraitzera kondenatuta dago. Irabazi izan balu bost puntura utziko zituen jaitsiera postuak; orain, aldiz, hirura ditu asteburuko emaitzen zain.
Partida hasi eta berehala hartu du baloia Osasunak. Ekimena izan du, baina aukerak sortzea kosta zaio. Valladolidek gauzak oso garbi zituela zelairatu da, kontraerasoaren bila, eta sustoren bat edo beste eman du. Dena den, gola askoz gertuago izan du Osasunak, eta gertuen, Cejudok (9. min) baloia zutoinera bidali duenean.
Bigarren zatian agintea are nabarmenagoa izan da, eta hasi eta berehala Cejudok aukera bikaina izan du baina ez da fin ibili atezainarekin izandako buruz burukoan. Osasunak Valladoliden area ertzean egin du partida osoa eta aukera onak izan ditu. Onena, Oriol Rierak, buruz (73. min.). Aukera ez hain garbi dezente izan ditu baina ez ditu sareak aurkitu, zaleen etsipenerako.
Eta, hala ere, Valladolidek ere izan du bere aukera (83. min.), Guerraren bitartez, kontraeraso batean, baina Andresek garai batean gehiagotan egiten zituen mirari horietako bat egin du atean. Azken minutuetan Osasunak nekea nabaritu du eta ez du hainbeste arriskatu. Sufritu ere egin du, baina Valladolidentzat sari hobea da puntua.
Osasuna. Andres, Marc Bertran, Miguel Flaño, Arribas, Damia, Cejudo (Lobato, 68. min.), Silva, Raoul Loe, De las Cuevas (Sanjurjo, 78. min.), Roberto Torres eta Oriol Riera (Acuña, 89. min.).
Valladolid. Jaime, Rukavina, Rueda, Mitrovic, Peña, Rubio, Victor Perez (Valiente, 74. min.), Larsson (Manucho, 63. min.), Oscar, Bergdich eta Guerra.
Epailea. Clos Gomez: Txartel horiak: Valladolideko Mitrovici.
Bestelakoak. Denboraldiko sarrera onena izan zen Sadarren. 17.914 ikusle izan ziren harmailetan.