Ohiko osasun zerbitzura sarbiderik ez duten pertsonak artatzen dituzte Munduko Medikuek, Bilboko Bailen kalean duten kontsultan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzu hori eskaintzen duen kontsulta bakarra da. Iaz 482 pertsonak jo zuten kontsulta horretara. Aurten, Espainiako Gobernuaren neurriekin eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunarekin, ez dakite zer gertatuko den. «Ez dugu aukerarik, ezta nahirik ere, 20.000 pertsona artatzeko», esan du Teresa Reizabalek, mediku zirujau, Munduko Medikuak elkarteko bazkide eta kontsultako borondatezko langileak. «Hona datozen pertsonek ohiko osasun sisteman arreta duina jaso beharko lukete; gugana, ez ohiko sistematik etorri behar lukete pertsona gehiagok».
Astean bitan irekitzen dute Munduko Medikuen kontsulta—udan, egun bakar batean—. Erroldaturik ere ez dauden eta egoera irregularrean dauden etorkinak artatzen ditu. «Oinarri-oinarrizko laguntza ematen dugu», zehaztu du Reizabalek. Odol azterketak bi astean behin baino ezin dituzte egin, Osakidetzarekin duten hitzarmen bati esker, hau da, pertsona bat bi aste egon daiteke zain odola atera arte, eta beste aste bat emaitzak hartu arte. «Anemia ote duen ikusteko azterketa bati buruz ari gara, ez beste munduko ezeri buruz». Erradiografia sinpleak ere eska ditzakete, baina, kontsulta astean bitan denez, erradiografia eskatu eta emaitza aztertu arte aste bat pasa daiteke.
Botikei dagokienez, Reizabalek azaldu du Anesvad gobernuz kanpoko erakundearekin batera lan egiten dutela. Bailen kaleko sendagileek errezeta egiten diete, sendagile pribatuek egiten dituzten errezetak bezala, eta zerbitzuaren erabiltzaileak Anesvadera doaz gero botika horien bila. «Pertsona horiek ezingo lukete botiken %40 ordaindu, ezta %10 ere».
Reizabal duela denbora asko hasi zen lanean zerbitzu horretan, 1996. urtean gutxi gorabehera, Bailen kalean ireki zutenean. Ordutik borondatezko langileei esker martxan egon dela azaldu du, eta gaur egun lau sendagile, sei erizain eta sei administrari inguru dituela azaldu du. Ordea, borondatezko langileak izanda, zerbitzua pertsonen arabera aldatzen dela azaldu du. «Buruko gaitzetarako kontsulta bat genuen, baina azken hilabeteetan ez dugu borondatezko psikologo edo psikiatrarik, hortaz... Ahal dugun moduan moldatzen gara».
Osasunaren azken atearen zalantzak
Orain arte ohiko osasun zerbitzuetara jo ezin zuten etorkinak artatzeko zerbitzua du Munduko Medikuak elkarteak Bailenen, Bilbon. Borondatezko sendagile, erizain eta administrariekin lan egiten du. Iaz 482 lagun joan ziren bertara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu