Osasunbideak justifikaziorik gabe ordaindu dio klinika pribatu bati

Kontu Ganberaren esanetan, ez da dirurik aurrezten San Juan de Dios erietxearekin sinatutako itunarekin

Josefina Arregui zentroko langileak, atzo, Nafarroako Parlamentuaren aurrean protestan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Osasunbideak egindako txostenak «akatsak» ditu, eta «balio ez duten» kopuruak darabiltza. Hortaz, osasun zerbitzuaren eta San Juan de Dios klinikaren arteko itunak ez duela justifikaziorik ondorioztatu du Nafarroako Kontu Ganberak.

2010eko otsaileko txosten batean, Kontu Ganberak ebatzi zuen Osasunbidearen eta klinika pribatu horren arteko itunak ez zuela justifikaziorik, ez zegoela zerbitzuak klinika pribatu bati ematea arrazoitzen zuen txostenik.

Hiru hilabetera erantzun zuen Maria Kutzek, orduko Osasun kontseilariak: Osasunbideak bazuela txosten hori, eta dokumentu horrek adierazten zuela 2008. urtean 7,4 milioi euro aurreztu zituela Osasunbideak, eta 2009an beste 8 milioi euro aurreztu zituela. Alegia, dirutza hori gehiago gastatuko zuela Osasunbideak, zerbitzu horiek klinika pribatuari eman izan ez balizkio.

Kutzek mahai gainean jarritako txosten horri buruzko azterketa eskatu zuen NaBaik orduan, eta atzo iritsi zen Kontu Ganberaren ebazpena: «Nafarroako osasun zerbitzuak kontuak konparatzeko erabilitako metodologia ez da egokia eta, gainera, kalkuluetan akatsak ditu».

Kalkuluak zuzenduta, Osasunbideak ez du dirurik aurrezten itunarekin, Kontu Ganberak dioenez. Adibideak eman ditu: Osasunbidearen txostenean agertzen da 8.201 eri ingresatu zirela klinikan —egiaz, 2.635 eri ingresatu ziren—; itundutako diruaren %92 ospitaleko artatze zerbitzuan gastatzen zela zehazten du Osasunbideak —egiaz, diru laguntzaren %58 erabiltzen zen arreta horretarako—.

Lau aldiz garestiago

Osasunbidearen txostenak ez du behar bezala kalkulatzen zerbitzuen kostua, Kontu Ganberak dioenez. Fimosien ebakuntzak aztertu ditu ganberak: Osasunbidean 87 euroko kostua du ebakuntza horrek; San Juan de Dios klinikan, 246 eurokoa. Fimosi ebakuntzak, beraz, lau aldiz garestiagoak dira klinika pribatuan. Adibide horri jarraiki, kostuen azterketa zuzena egin behar dela dio Kontu Ganberak.

Marta Vera Osasun kontseilariak agerraldia egiteko eskatu du parlamentuan, Kontu Ganberaren ebazpena jakin bezain pronto. Ez da agerraldiaren eguna zehaztu, eta datu guztiak biltzeko zain dago Asun Fernandez Garaialde NaBaiko parlamentaria, baina bere iritzia aurreratu du: «Ez dakigu nola gertatu den, baina nire iritzia da hemen norbaitek datuak faltsutu dituela».

Zerbitzu publikoen kontzertazioa nola egin den kritikatu du NaBaiko kideak: «Kontua da nola egin diren kontzertazioak eta zenbat diru joan den, batere kontrolik gabe». Osasungintzan egiten ari diren «murrizketak» ere gogora ekarri ditu: «Hau ez da krisiagatik bakarrik gertatzen; kudeaketa penagarria izan da, eta orain hasi dira kontuak ateratzen; diru txorrotan joan da».

Josefina Arregui, arriskuan

Josefina Arregui Altsasuko zentro psikogeriatrikoaren egoera ere gogora ekarri du Fernandez Garaialdek. Altsasuko zentroarekin ere zerbitzua itundua zuen Osasunbideak: 21 oheren mantenua ordaintzen zuen. Ituna bertan behera utzi eta sei ohe bakarrik ordainduko dituela adierazi berri du, ordea, gobernuak.

Josefina Arregui zentroko langileek protesta egin zuten atzo, Iruñean, parlamentuaren aurrean. Erabakia gauzatzen bada, «klinikak ez du etorkizunik izango», ohartarazi dute, eta 55 lanpostu arriskuan egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.