Nafarroako Gobernua osasun alorrean egiten ari den murrizketen aurka protestak iragarri dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, USAE eta SPA sindikatuek. «Nafarroako Gobernuak onartutako neurrien xedea osasun publikoa desegiten joatea da». Murrizketak dekretu bidez onartu izana ere salatu dute, kaleratu duten ohar batean. «Ez dute negoziatzeko, eztabaidarako borondaterik, eta dekretuez baliatzen dira neurriak onartzeko. Krisiagatik dela diote, baina herritarrek dugu krisia sortu, eta finean gehien kaltetutakoak gara».
Marta Vera Osasun kontseilariak orain aste batzuk esan zuen etorkizuna «hobea» izateko «beharrezkoak» zirela murrizketak. Neurri horiek «arduraz» hartzeko eskatu zuen. Veraren ustez, ezinbestekoa da osasun alorreko baliabideak egokiago erabiltzea. «Horren aitzakian egiten ari den gauza bakarra pribatizazioa bultzatzea da, eta horrek lanpostuen galera dakar. Gainera, osasun alorrean eremu bakarra ezarri dutenetik langileak batetik bestera gabiltza». Lan eskaintza publikoko 102 lanpostu bertan behera uztea ere kritikatu dute. «Onartu duten dekretuak indarrean jarraitzen badu, arriskua dago etorkizunean egin daitezkeen lan eskaintza publikoak iragarri bezala ez gauzatzeko».
Langileei bideratutako gastua murrizteaz ere hitz egin izan du Verak. «Alor horretan jada hartu ditu neurriak. Izan ere, arrisku bereziko lana izateagatik jasotzen dugun osagarria egokitu egin du. Langile gehienek soldata izoztua izatea ekarri du horrek».
Sindikatuek berretsi dute eurek ez ezik gaixoek ere pairatuko dituztela murrizketak. «Lanpostuetan egin dituzten murrizketak direla eta, itxaron zerrendak handituz doaz, eta arreta, okertzen».
Hala, dei egin diete osasun alorreko langileei eta, gizarteari oro har, parte har dezaten murrizketen aurka antolatuko dituzten protestetan. «Ezinbestekoa da kalera ateratzea osasun publikoaren defentsan. Joango gara jakinarazten zeintzuk izango diren egingo ditugun mobilizazioak».
Osasunbideko murrizketen aurka protestak iragarri dituzte sindikatuek
Onartzen ari den lege dekretuekin Nafarroako Gobernua osasun publikoa «desegiten» ari dela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu