Osasuneko eta hezkuntzako murrizketen aurka helegitea jarriko du Nafarroak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Nafarroako Parlamentuan bilkura dute gaur, eta indarrak batu dituzte PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak, helegiteen alde egiteko. UPNk erdi eta erdi egin du: hezkuntzako murrizketen aurka errekurtsoa jartzearen alde azaldu da (nahiz eta neurri horiek ezartzen hasia den bere gobernua), baina ez osasun alorreko mozketen aurka. PPk bi helegiteen aurka bozkatu du.
Eusko Jaurlaritzaren argudio berarekin joko du Nafarroak auzitegira: murrizketa neurriek erkidegoaren eskumenak urratu egiten dituztela arrazoituko du, eta, horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla. Gogoan izatekoa da Nafarroako Parlamentuko legelariek ondorio hori bera atera zutela eskatu zizkieten txostenetan.
Espainiako Gobernuaren murrizketak salatu dituzte helegitearen alde egin duten taldeek. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak, gainera, Iruñeko gobernuaren jarrera salatu dute, helegitea gorabehera murrizketa horiek bere egin baititu. Bilduko ordezkari Maiorga Ramirezek PSNren aurka egin du, orain "itxura" egiten ari delakoan helegitearen aldeko botoa emanda. Sozialisten bozeramaileak, Juan Jose Lizarbek, Espainiako Gobernuaren kontra egin du, esanez Nafarroaren eskumenak urratu dituela eta "eskubideak murrizten" ari dela.
UPNren argudioak bestelakoak izan dira. Carlos Garcia Adanero eledunak esan du dekretu horiek bete egingo dituela gobernuak helegitea jarrita ere. Osasuneko eta hezkuntzako dekretuen artean desberdintasuna egin du; haren arabera, hezkuntzako mozketek urratzen dituzte Nafarroaren eskumenak, baina osasunekoek, ez. "Kasu horretan legelariek ez dute esan eskumenak urratu dituztela, baizik eta dekretua ez dutela behar bezala egin".
PP bakarrik geratu da: Eloy Villanueva bozeramailean adierazi du arrazoirik ez dagoela helegitea jartzeko, eta, oinarrizko arau izaera dutenez dekretuek, nahitaez bete beharko dituela Nafarroak.