"Oso hurbileko jarraipenak izan dira"

2014ko apirilaren 16a
07:53
Entzun

Guardia Zibilak Ikasle Abertzaleetako bi kide jazarri dituela salatu dute. Bi kide horien lekukotasuna jaso du BERRIAk:

"Oso hurbileko jarraipenak izan dira"

«Martxoaren 11n, 08:00etan etxetik ateratzen nintzelarik —egunero klasera joaten naizen moduan—, bi patrol agertu ziren bi kale desberdinetatik, sirenekin eta abiadura handiz. Zortzi bat guardia zibil jaitsi ziren, eta nigana jo zuten, beren subfusilekin lurrera botatzeko aginduz. Aurpegia estalita zuten, eta ez zeramaten identifikazio zenbakirik. Lurzoruan nintzelarik eta inguratuta nengoelarik, poltsikoak, motxila, estutxea, USBak, kartelak, koadernoak eta abar miatu zizkidaten, eta interesatzen zitzaiena hartu zuten —koadernoko orrialde pare bat eta kartel eta itsasgarri batzuk—.

»Miaketa bukatu ostean, patrol artera eraman ninduten. Bertan, galderekin hasi ziren: ea X ezagutzen nuen, ea zergatik egoten nintzen askotan berarekin, ea nonbait militatzen nuen… Bigarren subjektu batekin berdina egin zidaten. Ezagutzen ez nituela erran nienez, argazkiekin hasi ziren, ea orain hobe ezagutzen nituen galdezka. Argazki horietan, lehenago aipatutako bi pertsonekin agertzen nintzen.

»Galdera sortarekin bukatu eta gero, motxila eta poltsikoetan neukana itzuli zidaten. Beraien tonua, hitz egiteko modua eta tratua nirekiko ez ziren oldarkorrak izan, galdeketa kale erdian egin zidaten arren. Ez zidaten kolaboraziorik eskatu; ez mehatxu, ezta arlo ekonomikoari begirakoak ere. Etorri bezain laster, alde egin zuten.

»Egun horretatik aurrera, jarraipenak izan ditut egunerokotasunean. Oinez zein autoz jarraitu izan naute joaten nintzen leku orotara. Pertsona desberdinak eta soslai desberdinetakoak izan badira ere, egun batzuetan, oso hurbileko jarraipenak izan dira, fisikoki distantzia txikikoak, egiten zutena ikustea nahiko balute bezala».

«Argazkiekin hasi ziren galdezka»

«Martxoaren 18an, 22:00etan —lehenengo subjektuaren aste berean—, autoz, lagun bat etorri zitzaidan etxera bila, herrira jaisteko helburuarekin. Nire etxea herritik kanpo geratzen da, eta ordu horietan ez dago inor inguruan. Autoan sartu ginen, eta herrira gindoazela hiru patrolez osatutako Guardia Zibilaren kontrol batek gelditu gintuen. Paperak eta identifikazioak eskatu zizkiguten, baina nik ez neraman gainean, eta NANaren zenbakia eskatu zidaten. Zenbakia eman, eta autotik aterarazi ninduten, patrol artera eraman nindutelarik.

»Bertan galdera pertsonalak egiten hasi ziren: ea X pertsona ezagutzen nuen, ea zergatik ibiltzen nintzen harekin, ea zer egiten nuen X lekuan... Oro har, lehenengo subjektuan oinarritzen ziren. Beste pertsona batengatik ere galderak egin zizkidaten, lehenengoarekin bezala. Ezagutzen ez nituela erantzuten nienez, argazkiekin hasi ziren, ea hobeto ezagutzen nituen galdezka. Argazkietan, ni agertzen nintzen lehenago aipatutako pertsonekin. Donostian eta Gasteizen azkenaldian askotan egoten nintzela erran zidaten, bidaia asko egiten nituela aditzera emanez.

»Guardia zibilen jarrera ironikoa zen, burla egingo balidate bezala, baina ez zen irainik egon, ez eta eraso fisikorik ere. Nire lagunari ez zioten ezer berezirik egin, galdera pare bat besterik ez. Azkenean, galderetan behin eta berriz tematu eta gero, libre utzi ninduten. Autoan sartu bezain laster alde egin genuen.

»Hurrengo egunetan jarraitu egin izan naute, bai egunean zehar kalean, baita etxera itzultzerakoan ere. Horiez gain, zenbaitetan autoetan ezkutatuta egoten ziren. Begi bistakoak izan dira asko, hots, aditzera emanez nire atzetik zebiltzala, oso hurbiletik jarraitu izan bainaute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.