tortura

"Oso latza izan da", 34 urte

Gaur bete dira 34 urte Joxe Arregi Espainiako Poliziaren torturapean hil zela.

Arregiren gorpua, tortura zantzuekin. JUAN KRUZ UNZURRUNZAGA
jon ordonez garmendia
2015eko otsailaren 13a
10:46
Entzun

Atxilotu, otsailaren 4an atxilotu zuten. 1981. urtea zen. Madrildik iritsi zen albistea: ustezko bi etakide atxilotu zituztela. Lehen bi egunetan, ordea, ez zuten atxilotutakoen izenik eman. Gero esan zuten Isidro Etxabe eta Joxe Arregi zirela atxilotutakoak. Beste hamazazpi lagun atxilotu zituzten gero, eta horiei esker atera zen ziegatik Arregiren testigantza sinple bezain beldurgarria: "Oso latza izan da". Izan ere, Arregi ez zen Espainiako Poliziaren ziega haietatik bizirik atera. Atxilotu eta bederatzi egunera hil zen, torturen ondorioz. Haren gorpuaren argazkiek irudia jarri zioten Arregiren testigantzari. Bideoa: Joxe Arregiren argazkien egia (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/553/[/Berriatb]

Harrezkero otsailaren 13an ospatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna, eta lau hitz horiek torturaren adierazle bihurtu dira 34 urte hauetan. Itzal handia baitu torturak Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak duela astebete azaldu zuenez, soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1960 eta 2013 urteak bitarteko 3.587 tortura salaketa jaso ditu Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak. Euskal Memoria Fundazioak, baina, hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu ditu.

Bihar, omenaldia Basaurin

Tortura eta tortura ahalbidetzen duten salbuespenezko legeak bertan behera uzteko exijituko dute aurten ere Joxe Arregi zizurkildarra torturatuta hil zeneko urtemugaren ingurumarian. Sortuk bihar egingo du ekitaldia, 12:00etan, Basauriko udal pilotalekuan (Bizkaia).

Tortura "estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna" izan dela salatu du Sortuk aste honetan omenaldiaren aurkezpenean, "era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena". "Torturaren erabilpena ahalbidetu dute hamarkadatan zehar estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen legediek".

Frankismoaren ostean ere bai

Sortuk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 3.587 tortura salaketa erregistratu dituela torturari buruzko ikerketaren lehen erroldan. "Torturaren negazionisten artean ere bada tortura Frankismo garaiko zerbait dela dioenik, demokrazian desagerturikoa. Datuek ere argi diote: kasu frogatu gehiago daude 2000ko hamarkadan 70eko hamarkadan baino".

Zizurkilen igandean omendu zuten Joxe Arregi. Torturaren egia, itzaletik argira ekitaldian, Arregiri gertatutakoaren egia jakitea galdegin zuten, gogorarazita Arregi ez dagoela "biktima bezala erakundeen zerrendetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.