Ospitaleetako presioa ez da apaltzen ari

87 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota, eta 182 gaixo larri daude ZIUetan. 914 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %8,4 da

Errenterian (Gipuzkoa) egindako baheketaako irudi bat, apirilaren hasierakoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
2021eko apirilaren 18a
16:06
Entzun

Laguntza sarea ataka estuan da berriz ere. Egunetik egunera betetzen ari dira ospitaleetako oheak, bai solairuetakoak eta bai ZIU zaintza intentsiboetako unitateenak. Hirugarren olatuko ospitaleratze kopuruak gainditu dira jada laugarrenean, eta iazko urri-azaroetako parametroetara hurbiltzen ari da izurria, erietxeen presioari dagokionez: Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, COVID-19an positibo emandako 87 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo.

ZIUetan are kezkagarriagoa da egoera: 182 paziente larri daude Hego Euskal Herriko ospitaleetako zaintza berezietan, atzoko berberak.

Transmisio datuei dagokienez, berriz, herenegungoa baino handiagoa da atzo positibo eman zuten proben tasa: %8,4 (Herengun %7,9 izan ziren). Osakidetzak eta Osasunbideak atzo 10.876 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta horietatik, 914k eman zuten positibo. 

Herrialdeka, Gipuzkoak jarraitzen du kasu gehien atzeman dituzten herrialdea izaten: 346 atzeman zituzten atzo han. Bizkaian 323 izan ziren, Nafarroan 139 eta Araban 97. Nafarroan hasiak dira kurbaren apaltze txiki bat nabaritzen, Nafarroako Gobernuak ostalaritzan, saltokietan eta jende bilkuretan neurri murriztaileak ezarri eta hamabost egunera: zehazki, astelehenetik ostiralera arteko positiboak %18 murriztu dira aste honetan, aurreko astekoekin alderatuta. Transmisioaren kurbak beheranzko joera horri eutsiz gero, uste izatekoa da ospitaleetako presioaren arintzean ere nabarituko dela, zenbait egun geroago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.