Norabide bereko adierazpenak biltzen jarraitzen dute haur lapurtuen auziari buruz Eusko Legebiltzarrean osatutako batzordean. Erietxeetan umeak lapurtu izana ezinezkotzat jo zuten atzo ere ospitaleetako arduradunek. Joseba Landa Donostiako Ospitaleko Pediatria Saileko buruak gogorarazi zuen erietxean jendetza ibiltzen dela atzera-aurrera: «Jende asko aritzen da ospitalean, eta erabat ezinezkoa da umeak desagertzea edo lapurtzea». Medikuen txostenei erabateko sinesgarri- tasuna eman die Landa sendagileak —«bat datoz errealitatearekin»—; ez, ordea, ustez ostu zituzten umeen senideek eginikoei: «Ez nator bat haiekin; ez dute zorroztasun zientifikorik».
Lantaldean hizketan aritu diren gainerako medikuen ildoari eutsi dio, horrenbestez, Landak: guztiek oso zalantzan jarri dute umerik ostu izana erietxeetan. Nabarmendu dute ez dagoela frogarik hori esateko. Salaketak dozenaka eta dozenaka dira, baina batzordean adituek iritzi berbera agertzeak zalantza eragin du.
Paco Etxeberria auzitegiko medikuak esandakoek sortu zuten harrabots handiena: ezinezkotzat jo zuen umerik lapurtzea erietxeetan, eta adierazi zuen paperetan dauden hutsuneak, izatekotan ere, «irregulartasun administratiboak» direla; areago, ohartarazi zuen irekitako hobiak ez zeudela hutsik, giza arrasto batzuk topatu dituztela. Adituen arteko eztabaida da hori: batzuek diote hobi horietan umeren bat sartu izan balute hezur arrastoak agertuko zirela; ezetz uste dute beste batzuek, litekeena dela desegitea.
Harremanak, etenda
Etxeberriaren adierazpenek ezinegona sortu zuten senideak ostu zizkietela uste dutenen artean, eta SOS Haur Lapurtuak elkarteak esku hartzeko eskatu diofiskalari. Erlaziorik ez dago, gaur-gaurkoz, erietxeen eta taldeen artean; hori berretsi zuen Landak: «Gatazka hasi zenean, elkarteak harremanetan jarri ziren ospitaleko zuzendaritzarekin. Akusazioak hasi ziren, haiek uste baitute guk interesak ditugula, eta ez baitugu esaten haiek entzun nahi dutena». Bilerarik ez dute egin. «Beste bertsio batzuk dituen jendearekin hitz egitea saihesten ari dira».
Donostiako, Arabako eta Basurtuko erietxeetako zaintzaileen buruek ere hitz egin zuten atzo batzordean. Aho batez adierazi zuten haiek ere: hildako umeekin zer egin, kontrol handia zegoen.
Maximo Perez Donostiako Ospitaleko zaintzaileen arduradunak eman zuen jarduteko eraren berri. Haren esanetan, zaintzaileek egiten zuten gorpuen kargu. Senideek «beti» izaten zuten hilotza ikusteko aukera. «Egia da, ordea, guri arraroa egiten zitzaigula eta ez zela gozoa izaten senideei laguntzera joatea». Horretaz kexatu dira hainbat familia: ez zietela utzi gorpuak ikusten. Senideek beren gain hartzen ez bazuten, 500 gramo baino gutxiagoko hilotzak erraustu egiten zituzten.
Hiru ospitaleetako ordezkariek azaldu zuten paperetan adierazten zutela gorpua norena zen, baina onartu zuten dokumentuak bota egiten zituztela aldi bat igaro ondoren. Paperak aurkitzeko zailtasunak izan dituzte familiek: ospitaleetara joan, eta hutsuneak topatu dituzte dokumentazioan.
Hamargarren hilkutxa
Paperik ez agertzea traba handia da auzitegietara jotzeko. Kasu gutxi badira ere, ari dira aurrera egiten. Irunen, Gipuzkoan, hobi bat ireki zuten atzo bertan, 1981ean zendutako haur batena. Senideak hilerrian izan ziren. Umearen amak jakinarazi zuen kutxa bat aurkitu zutela, hondatu antzera, eta aztertzera eraman zutela auzitegira. Irungoarekin, gutxienez hamar dira irekitako hobiak: sei, epaileen aginduz, eta lau, enpresa pribatu batek. Hezurrak sei kutxatan topatu dituzte medikuek.
Ospitaleetan umeak lapurtu izana «erabat ezinezkoa» dela berretsi dute medikuek
Irunen beste hilobi bat zabaldu dute: kutxa bat atera dute, hondatuxe zegoena, eta aztertzera eraman dute auzitegira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu