Ospitalekoa amaitu arren, mobilizazioek ez dute etenik

Manifestazioaren bezperan, ehunka lagun batu dira hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan

Euskal preso eta iheslarien alde atzo Gasteizen egin zen elkarretaratzea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ostegun iluntzean, Jose Luis Castro epaileak Uribetxebarria baldintzapean aske uztea onartu zuela jakin bezain laster, besarkadak eta hunkidura nagusitu ziren Donostiako Ospitalean. Izan ere, askok hilabete luze eman dute bertan. Gose greba amaitu eta erietxe atariko «kanpamendua» jaso zuten segidan. Mobilizazioek ordea, ez dute etenik izango. Asteburuan Donostiako manifestaziora joan eta atseden pixka bat hartu ondoren, goizeko elkarretaratzeekin jarraituko dute. 11:00etan izango dira elkarretaratzeak, eta parte hartzeko deia egin diote euskal gizarteari, Uribetxebarria etxeratzea eta beste hamahiru presoak aske uztea aldarrikatzeko.

Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia Herrira-ko bozeramaileek adierazi dute euskal gizartearen gehiengoak eta «giza eskubideen errespetuaren alde dagoen pertsona orok» desiratzen zuela ostegun iluntzeko berria. Orain, egoera bakarra espero dute: «Josu Uribetxebarria etxeratzea, erradioterapia saioak amaituta». Zarrabeitia eta Garciaren esanetan, gogoeta bat hedatu da euskal gizartean: gertatu dena ezin dela «inola ere» errepikatu. Pasatu berri den hilabeteak «gatazkan iltzatua dagoen gobernu baten irudia» erakutsi duela uste dute: oinarrizko giza eskubideak urratzen dituenarena, 197/2006 epaiaren bidez «bizi osorako zigorra» ezartzen duenarena, sakabanaketarekin presoen senideak zigortzen dituenarena ... «Milaka herritarren bizitzak arriskuan jartzen dituen gobernu baten aurrean, lanean jarraitzeko borondatea adierazten dugu».

Manifestazioa gaur

17:30ean abiatuko da Donostiako Antigua auzoko tuneletik gaixo larri dauden euskal presoak askatzea galdegiteko hainbat pertsona ezagunek deitutako manifestazioa. Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde leloa izango du, eta manifestazio isila izango da. Hainbat alderdi politiko eta gizarte eragileren babesa jaso du manifestazioak. Auzitegi Nazionaleko Javier Gomez Bermudezek baimendu egin zuen atzo gaurko martxa, baina Ertzaintzari hura zaintzeko agindua eman dio.

Martxaren bezperan, hileko azken ostirala izaki, ehunka lagun bildu ziren dozenaka herritan euskal preso eta iheslariak herriratzearen alde egindako elkarretaratzeetan.

Azpeitian, esaterako, 153 lagun batu ziren. Zarautzen, berriz, 200 lagunek bat egin zuten Herrira-k deitutako elkarretaratzearekin, eta Zumaian, 71k. Getarian 63 pertsona batu ziren; Deban, berriz, 65. Eskoriatzan 50 lagun elkarretaratu ziren, eta Lasarten, berriz, 135.

Arrasaten, Josu Uribetxebarriaren jaioterrian, 600 lagun elkartu ziren, eta manifestazioa egin zuten ondoren.

Arrigorriagan 55 lagun elkartu ziren, eta 33 Zaratamon. Otxandion, berriz, 65. Ean 93 lagun batu ziren, eta 42 lagun Abanto-Zierbenan. Larrabetzun, berriz, 91 lagun elkartu ziren.

Gasteizen 150 lagun batu ziren eguerdian Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, eta 670 lagunek egin zuten elkarretaratzea eta geroko manifestazioa iluntzean. Zuian 45 pertsonak parte hartu zuten elkarretaratzean, eta, ondoren, kalejiran joan ziren.

Lesakan, berriz, 56 lagun elkartu ziren Herrira-k deitutako mobilizazioan, eta 60 Leitzan.

Etxerat elkarteak azken bi hilabeteetako balantzea egin zuen atzo, eta«hilabete gogorrak» izan direla azpimarratu zuen. Uribetxebarriaren kasua nabarmendu zuen balantzean, baina baita presoen senideek espetxerako joan-etorrian izan dituzten istripuak ere. Horien artean Mikel Egibar presoaren senideek izandakoa nabarmendu zuen. Hori dela eta, presoen eta senideen eskubideak errespetatzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.