Ostalaritza eta kultur jardueren ordutegia 02:00etara luzatu du Jaurlaritzak

Txokoak eta elkarte gastronomikoak zabaltzeko baimena ere eman dute eta kirol ekitaldietan ikusleak sartu ahalko dira, edukiera murrizketekin.

Gurizer Mungiako txokoko sukaldea, urrian elkarteak eta txokoak itxi aurretik. ARITZ LOIOLA, FOKU
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 16a
18:05
Entzun

Ostalaritza eta jarduera kulturalen ordutegia 02:00ak arte luzatuko du Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez. Tabernetan sei laguneko taldeetan egon ahalko da, bai kanpoan, baita barruan ere. Barruko edukiera, gainera, %50ekoa izango da, eta oraindik ere debekatuta egongo da zutik kontsumitzea. Horrekin batera, txokoak eta elkarte gastronomikoak ere irekiko dituzte, ostalaritzarako ezarri dituzten irizpide berdinekin. Hala ere, diskotekak itxita mantenduko dira.

Kirol jarduerari dagokionez, instalazioetan hamar laguneko taldetan egotea baimendu du Jaurlaritzak, eta aldageletan %50eko edukiera berreskuratuko da. Eskola kirola ere ahalbidetuko da, eta beraz, udako txapelketak egin ahalko dira. Kirol edo kultur ekitaldietan ikusleak sartzea ere posible izango da, baina beti ere edukiera mugatuarekin: gehienez 600 pertsona egon ahal izango dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, berriz, gehiengoa 800era zabaltzen da barnealdean eta 1.200 kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.

Hala ere, Rezusta eta Altunak igandean Bilbon jokatuko duten buruz buruko finalak ez du ikuslerik izango, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Gurtzarako lekuetan, berriz, %60ko edukiera izan ahalko da, eta natur edo kultur jardueretan hogei pertsonako taldeak egin ahalko dira kanpoaldean eta hamarrekoak barruan.

Neurri guztiak gaur sartuko dira indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publikatzen diren momentutik aurrera. Hala ere, lehendakariak argitu du datozen 15-20 egunetan berriro aztertuko dituztela irizpideak, are gehiago malgutzeko edo osasun larrialdia bertan behera uzteko.

Arauak malgutuko zirela aurreikus zitekeen; izan ere, Jaurlaritzak iragarri du ez dituela koronabirusaren aurkako osasun neurriak arindu nahi 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasutik behera mantentzen dela baieztatu arte, eta aste honetan, hamar hilabetean lehen aldiz jaitsi da langa horretatik. Zehazki, Bizkaian 100.000 biztanleko 145 laguni atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan; Araban, 129ri; Gipuzkoan, 127ri. Hegoaldean, Nafarroak du tasarik apalena: 108. Horri gehitu behar zaio jada Hegoaldean biztanleen %50ek hartu dute txertoaren bidezko babesa, dosi bat gutxienez. Pauta osoa jaso dutenen zenbatekoa ere nabarmen ari da hazten: 944.136 dira, herritarren %33.

Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian ere neurriak malgutzeari ekin diote jada. Besteak beste, Iparraldean COVID-19ari kontra egiteko neurriak aurreikusi baino lehenago malgutuko dira, eta atzotik ez da maskara jantzi behar kanpoaldean; igandean bertan behera geratuko da etxeratze agindua.

Nafarroan, berriz, atzo sartu ziren indarrean neurri berriak: ordubete atzeratu dute ostalaritza lokalen barnealdeen itxiera ordua; gauerdira arte izaten ahalko dira zabalik, gehienez %50eko edukiera erabilita. Kultur jardueretarako, berriz, %60n zehaztu dute muga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.