Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide LAB eta ELAko idazkari nagusiek gogor gaitzetsi dute presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa. Eskubide demokratikoen aurkako "eraso zuzena" dela ohartarazi dute. Herrira-rekin elkarlana sindikatu guztiek izan dutela aitortu dute, eta, erasoak eraso, sindikatuek presoen eskubideen aldeko lanean jarraituko dutela.
Hain zuzen, presoen eskubideen aldeko borroka "kriminalizatuta", gizarteak euskal presoak "bakarrik" uztea nahi du Espainiako Gobernuak, sindikatuen iritziz; "ihes egin, eta eskubideen aldeko lana bertan behera uztea". Izan ere, Etxaide eta Muñozen hitzetan, "horrela bakarrik urratu ahalko zaizkie oinarrizko eskubideak presoei". Saio horretan "beti" aritu da gobernua, langileen ordezkarien esanetan, baina oraingoan ere ez dutela lortuko ziurtatu dute.
Muñozek PPren gobernua egin du "konponbiderako urratsak oztopatzeko" helburuz hartutako neurriaren arduradun: "Espainia kaos batean sartuta dago eta agenda mediatikoa baldintzatu nahi du"; bide horretan, irtenbiderako bidea mozteko ahaleginean ere ikusten du.
Langileengana eta herritar ororengana zuzendu da, hargatik: "Guk ez dugu sufrimendurik nahi ez guretzat ez inorentzat. Eta horrela pentsatzen duten guztiei eskatzen diegu, mesedez, ostiralean 12:00etatik 12:30era lantoki aurrera edo udaletxe aurrera ateratzeko, eta larunbatean Bilbon egingo den nazio manifestaziora joateko".
Nafarroan, debekua
Sindikatuentzat "onartezina eta justifikaezina" da adierazpen edo biltzeko askatasuna urratzen dituen erabakia. Forma irizpideak argudiatu ditu Espainiako ordezkaritzak. Hitzorduok ez direla urgentziazkoak dio, eta gainera, "terrorismoa goratzen dute". Sindikatuek, hala ere, hitzordura joateko eskatu diete langileei.