Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lotu dituzte lotu beharrekoak: ostiral gauean, hamarretan, itxiko dute Sabino Arana kaletik Bilbora sartzeko bidea. Aurrerantzean, A-8 autopistatik Bilbora sartu nahi dutenek 118. irteera erabiliko dute, Olabeaga eta San Mames aldetik.
Larunbat goizean irekiko dute Bilborako sarbide berri hori, baina oraindik ez dute zehaztu ordua. Sabino Aranako sarbidea itxi, eta gaueko eta goizaldeko orduak erabiliko dituzte frogak egiteko.
Sabino Arana ixtearekin, bide bazterretako seinale berriak agerian jarriko dituzte, eta San Mamesko irteera berria zabalduko dute. Arazorik ez dela frogatu ahala, sarbidea irekitzen joango dira, larunbat goizerako dena prest edukitzeko.
Sabino Arana kaleko zubibidea, berriz, aste batzuen buruan botatzen hasiko dira behera, udalak jakinarazi duenez. Inguruko hainbat herritarren aspaldiko eskakizuna zen.
Sabino Aranakoak baino auto gutxiago hartzeko ahalmena izango du sarbide berriak; horregatik, Juan Garai kaleko sarbidea berriz irekitzea erabaki dute —11 urte zeramatzan itxita—.
A-8 errepidetik Donostiarako bidean doazenek, beraz, aukeran izango dute Juan Garai kaletik sartzea Bilbora, Zabalburu aldera iristeko. Ostiralean irekiko dute sarbide hori.
San Mamestik sartzeko bide berriak 215 milioi euroko kostua izan du. Bost tunel eta lau zubibide zeharkatzen ditu bideak. Lau urte eta erdi egin dituzte lanean.