konpoNBIDEARI BEGIRA

Otegi: "Aldebakartasuna beharrezkoa izango da independentziarako"

Preso eta Sortuko idazkari nagusiari elkarrizketa egin dio Al Jazeerak.

Otegi aurreko igandean Elgoibarren, senide baten heriotza bat zela-eta baimen bat jasota. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 11
10:31
Entzun

Arnaldo Otegik uste du katalanek eta eskoziarrek independentziarako hartu duten bideari heldu behar diotela euskal herritarrek, eta, horretarako, berriro egin du apustu aldebakartasunaren alde. "Aldebakartasuna beharrezkoa izango da independentzia lortzeko", esan dio Al Jazeerari. Logroñoko espetxera (Espainia) galdetegi bat bidalita jaso ditu haren erantzunak hedabideak, eta elkarrizketa ingelesez atera berri du.

Otegiren arabera, gatazkako ondorioak konpontzea oso garrantzitsua da, "konpondu gabeko ondorioen zerrenda zenbat eta txikiagoa izan, gatazka politikoaren irtenbidea gertuago" egongo delako, baina ez du erraza ikusten gatazkaren ondorioak amaitzea epe laburrean, estatuen jarreragatik. "Espainiako Estatua, Frantziakoaren laguntzarekin, etengabe erasoan ari da. Konfrontazio egoera horretan eroso dago".

Adibidez, euskal presoen izaera politikoa ukatzean, Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela ukatzen dutela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak. "Askatasun prozesu batean presoak zama bihurtzen saiatzen da Espainiako Estatua".

Ondorioen atala bukatu gabe egonda ere, konponbide politikoaren bidea hasi beharra dagoela esan du.

Datorren igandean lau eta erdi beteko dira Otegi atxilotu zutela Bateragune auzian. 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Auzitegi Nazionalaren epaia, zigorrak pixka bat murriztu zituen arren: sei urte eta erdira jaitsi zien kartzela zigorra Otegiri eta Rafa Diezi, eta sei urtera Sonia Jazintori, Arkaitz Rodriguezi eta Miren Zabaletari. Defentsak babes helegitea jarri zuen Konstituzionalean, eta honek tramiterako onartu zuen. Ez du jakinarazi noiz aztertuko duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.