Otegi askatzea eskatzeko, ezker abertzalea ere joango da Logroñora larunbatean

Elkarretaratzea egingo dute 50 bat pertsona ezagunek, politikaria preso daukaten espetxearen aurrean

Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena, atzoko prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea eta Bateragune auzian zigortutako Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto askatzea eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute larunbatean Logroñoko espetxe atarian. Han daukate preso Otegi, eta 50 bat pertsona ezagun izango dira bertan, Otegi Askatu Politika Askatu plataformakjakinarazi duenez. Ezker abertzaleak ere bat egin du elkarretaratzearekin, eta adierazi du larunbatean Logroñon izango dela ordezkaritza bat.

Logroñon bi aldarrikapen egingo dituztela azpimarratu dute Maribi Ugarteburu eta Pernando barrena bozeramaileek prentsaurrekoan. Batetik, Bateragune auzian zigortutako bostak askatzeko eskatuko dute; «ezin dute jarduera politikoa jazartzen eta zigortzen jarraitu». Eta, bestetik, «preso guztien giza eskubide guztiak errespetatzeko» exijituko dute. Gaixo dauden presoak, zigorra edo zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzea eta sakabanaketa politika indargabetuz euskal preso guztiak Euskal Herriratzea eskatuko dute. «Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion kartzela erregimen salbuespenezkoa bukatu egin behar da».

Ezker abertzaleak uste du larria dela Bateragune auziagatik preso daudenak hala edukitzea. «Ezker abertzalean lan politikoa egitearren emandako zigorrak sumindura sortzen du Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuarekiko arrakala are gehiago zabaltzen du. Besterik ez». Salatu dute ezker abertzalearen eztabaida etetea nahi zuela Espainiak, Otegi eta beste lau lagunak atxilotuta. Baina ohartarazi dute ez dutela lortu: «Herri bat martxan da, zigor bidegabeen eta blokeo ahalegin guztien gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.