Arnaldo Otegi eta euskal presoak askatzeko kanpainiarekin bat egin dute hamaika herrialdetako europarlamentariek, tartean, Lidia Senra (Alternativa Galega de Esquerdas-Galizia), Malin Bjork (Vansterpartiet-Suedia), Marina Albiol (Ezker Anitza-Herrialde Katalanak), Helmut Scholz (Die linke-Alemania) eta Alyn Smith (SNP-Eskozia).
"Bakearen alde lan politikoa egiteagatik bost urte daramatza preso Otegik", gogoratu du Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak. Horrez gain, Espainia eta Frantziako espetxeetan 420 preso politiko daudela nabarmendu du, eta Juaristik uste du herrialde horiek ez dutela erantzun positiborik izan "Euskal Herrian ireki den bake aukeran".
Iazko martxoan Europako Parlamentuan bertan martxan jarri zuten Free Otegi, bring Basque political prisioners home kanpainia. Geroztik, Euskal Herriko eta munduko hainbat pertsona ezagunek bat egin dute kanpainiarekin, hala nola Desmond Tutu, Perez Esquivel eta Mairead Maguire bakearen Nobel saridunek; Angela Davis, Ken Livingstone eta Pepe Mujika politikariek, euskal kulturako 24 izen ezagunek eta Kataluniako kultura eta politika munduko 27 pertsonak.