Dublinen eta Londresen bilerak egin eta hitzaldiak eman ostean, Europako Parlamentuan (Brusela) da gaur Arnaldo Otegi Sortuko presidentea. Euskal Herriko bake prozesuari buruzko hitzaldia eskaini du, Europako GUE/NGL koalizio ezkertiarrak —EH Bildu, Podemos eta Izquierda Unida kide ditu—, Berdeak, Europako Kontserbadore eta Erreformistek eta Basque Friendship Group —Euskal Herriko bake prozesuaren sostengurako— elkarteak antolatu duten ekitaldian.
Otegik adierazi du Aieteko konferentzia "mugarria" izan dela Euskal Herriko egoera politikoan, handik egun gutxira ETAk jardun armatua alboratu baitzuen. "Indarkeria amaitzea izan da gure ekarpena, baina bakea oraindik lortzeko dago gure herrian". Bakea eragozteko ahaleginak egitea leporatu dio Otegik Espainiako Estatuari. Estatuak "iraganeko egoera instrumentalizatu du helburu elektoral eta ekonomikoekin. Baita bere ahuleziak estaltzeko ere", salatu du. Madrilen kontraesanez mintzatu da. "Estatuaren paradoxa da ETAri armagabetzeko exijitzea, eta horretarako prest agertzen denean, ezetz esatea".
Presoen egoera ere aipatu du Otegik Europako Parlamentuan. Azaldu du badakiela "gai zaila" dela eta "tentuz jokatzea" eskatzen duela, baina ohartarazi du ezin dela "konponbideari buruz hitz egin, ehunka preso kartzelan izanda". Otegiren ustez, "euskal preso politiko guztiek kartzelatik atera behar dute", eta iheslari eta deportatu guztiek itzuli. "Munduko zein tokitan gertatu da, gatazka bati amaiera eman zaionean, parte hartu dutenek kartzelan jarraitzea? Inon ere ez", gaineratu du.
Hitzaldia amaitzeko, Otegik adierazi du bake prozesua amaieraraino eramateko konpromisoa duela, "oztopo guztien gainetik". Bai gatazkari konponbidea emateko, baita "euskal errepublika independentea" lortzeko ere.
Hitzaldiaren berri eman du Gorka Berasategik:
Otegirentzako beto eske
Espainiako Gobernuan ezinegona eragin du Otegik Europako Parlamentuan egingo duen hitzaldiak. Gobernuko hainbat ordezkarik Otegi Bruselara gonbidatzearen kontrako iritzia plazaratu dute. Alfonso Alonso eta Rafael Catalak —Espainiako Osasun eta Justizia ministro, hurrenez hurren— eskatu dute Europako Parlamentuak ez dezala Otegi hartu. Alonsok gaineratu duenez, Otegi hartzen dutenek "ETAren historia kriminala zuritzen lagunduko dute». Alonsoren hitzetan, Otegi parlamentura gonbidatzea «gaitzesgarria" eta "Espainiako demokraziaren aurkako erasoa» da. «Demokratek ahotsa altxatu beharko lukete", Alonsoren ustez, eta «beste batzuen isiltasunak» kezkatu egiten du; "alderdi sozialistan eta EAJn ari naiz pentsatzen", argitu du.
Europako Parlamentuan Alderdi Popularreko bozeramaile Esteban Gonzalez Ponsek, berriz, Podemosi eta Izquierda Unidari eskatu die Otegiri egin dioten gonbidapena bertan behera uzteko. Ponsen arabera, ekidin beharrekoa da Otegik "Europako Parlamentuaren aurrean heroia izango balitz bezala hitz egitea". Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordearen ustez, "kezkagarria" da Espainiako bi alderdi ezkertiarrak Otegirekin "paseatzen ibiltzea".
Otegik hitzaldian terrorismoa goratuko balu Europako Parlamentutik kanporatzeko eskatu diote Martin Schulz legebiltzarreko presidenteari Teresa Jimenez-Becerril (PP) eta Maite Pagazaurtundua (UPD) parlamentariek. Azaldu dutenez, zaila da "ETAren ahotsa Europako demokraziaren bihotzetik hitz egiten irudikatzea".