"Ongietorria" eman dio Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ETAk gaur "ardura historikoz" egindako azken adierazpenari, "amaiera ordenatu bat hautatu izanari". Hala ere, azpimarratu du oraindik orain "bakerik eta askatasunik gabeko herria" dela Euskal Herria, eta erralitate hori eraldatzeko bidean jarraituko duela EH Bilduk, "lortu arte".
Gaur beste aro bat zabaldu dela sinetsita dago Otegi, "definitiboki". Iraganetik ikasi beharra dagoela azaldu du, eta bereziki 1977a eta 1997a aipatu ditu. "Ikasi eta, beste behin, herri gisa urratsak emateko abagunea ireki dela sinisten dut. Baliatu dezagun, hamarkadak itxargon gabe".
Bukatu berri den aroari erreparatu dio EH Bilduko koordinatzaileak, eta esan du "sasoi gogorra" izan dela, "herri gisa eta herritar gisa". "Gatazka politiko eta armatua bere gordinean bizi izan dugu. Mota guztietako sufrimendua sortarazi du, alde guztietan". Eta isiltasun labur bat eta gero, berriz ere errepikatu du: "Alde guztietan".
Hain zuzen ere, biktimak izan ditu gogoan bere lehen adierazpenetan: "Sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiak kontuan hartu nahi ditut, inor bazterrean utzi gabe".
Azkenik, eskerrak eman dizkie gaurko eguna iritsi zedin urte luzeetan lanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei. "Ez da bide erraza izan, oztopo handiak egon dira, eta ez dugu beti asmatu; baina borondatea bazegoen, eta azkenean egin dugu".
Andoni Ortuzarrek, Eusko Alderdi Jeltzaleako presidenteak, alderdiaren ohar labur bat zabaldu du Facebooken, ETAren azken adierazpenaren inguruan. Bere hitzetan, euskal gizartea "urteetan hegaletan eraman duen berunaz libratu da" gaur, eta aurrerantzean "askatasun osoz egin dezake hegan". Ildo berean, "Gaur libreagoak gara", idatzi du Itxaso Atuxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak Twitterreko bere kontuan.
Gaurkoa iraganari eta etorkizunari begiratzeko eguna dela dio Ortuzarrek: iraganari, "berriro errepika ez dadin"; eta etorkizunari begiratu nahi dio EAJk, "bakean biziko den Euskadiren geroari".
Gaurkoan, ETAk biktimak izan nahi ditu gogoan Andoni Ortuzarrek gidatutako alderdiak, "zuzenean edo zeharka ETAk sei hamarkada hauetan guztietan eragin duen min bidegabea pairatu duten pertsona guztiak, eta oroimen berbera dedikatu nahi diegu beren senide, lagun eta inguruko guztiei".
Gaurko egunaren garrantzia azpimarratu du Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramaileak ETAren azken adierazpena ezagutu eta gero: "Gaur da amaiera. Hori da nabarmendu beharrekoa. Gero egongo dira ñabardurak, baina ETAren amaieraren aurrean gaude".
"Zorionez, ikustera goaz bertan behera geratzen dela estrategia politiko-militarra", adierazi du. Estrategia horren ondorioak zerrendatu ditu jarraian: "Giza eskubideen urraketak eta bizikidetza haustea; termino politikoetan, Euskal Herriaren ikuspegitik, proiektu abertzale bati dagokionez, ETA existitu izanak kalte estrategikoak ekarri dizkio euskal politikari".
UPNko buru Javier Esparzak adierazi du ez duela ulertzen zergatik egingo duten bihar ekitaldi bateratua Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek. Haren ustez, bat egingo dute ETAren "propaganda kanpainarekin". Esparzaren esanetan, agerraldi bateratuak agerian lagatzen du "Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekiko daukan menpekotasuna". "Lehen, Nafarroako Gobernuak ez zion baimenik eskatzen Jaurlaritzari hitz egiteko".
Horrez gain, Esparzak kritikatu egin du ETAk bere ibilbidea amaitu izana "biktimei barkamena eskatu gabe", eta onartezin jo du. ETAk, gaur argitaratu duen agiriarekin, oihartzun mediatikoa eta bere neurriko kontakizuna ezartzea lortu nahi duela ohartarazi du. "ETA gatazkaz mintzo da, hemen egon den bakarra, ordea, hiltzaile talde bat eta ia mila pertsona errugaberen heriotza izan da".
Geroa Bairen hitzetan, ETAren amaierak "atzean utzi du gure historiako kapitulu ilun eta tristeenetako bat". Alderdiak ohar bidez nabarmendu du ETA desagertu dela, eta ez duela lortu bere sorrerako "helburu bakar bat ere". "Soilik indarkeria, mina eta sufrimendua eragin ditu, eta ez du aitortu infustizia eta legitimotasun ez hori".
Gaurkoan "esperantzarako aro bat" ireki dela uste du Geroa Baik, baina ohartarazi du erronka handiak ere izango direla "normalizaziorako eta bizikidetzarako bidean". Koalizioak berretsi du lanean jarraituko duela "ETAren ekintzen biktima guztien aitortzarako, memoriarako eta erreparaziorako".
Halaber, Geroa Baik esplikatu du bihar Kanbora bidaliko dituela bi ordezkari: Unai Hualde legebiltzarkidea eta Esther Cremaes Iruñeko zinegotzia.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak nabarmendu du "berandu" datorrela ETAren azken adierazpena. Halere, "positiboa" iruditu zaio ETAk desegiteko erabakia hartu izana, eta zehaztu du "lasaitu ederra hartu" dutela. Halaber, Martinezek "edozein indarkeriari aurre egin dion" euskal gizartea jo du protagonista, eta etorkizunari begiratzeko galdegin du: "Gure herrian elkarrekin bakea, memoria eta elkarbizitza nola eraikiko dugun erabaki behar dugu, giza eskubideetan oinarrituta".
Halaber, Martinezek uste du alderdi politikoek aurrera egiten jarraitu behar dutela "egiaren arloan, justiziarenean, erreparazioarenean eta berriz ez errepikatzeko bermeenean".
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia alderdiko zuzendaritzarekin bater agertu da hedabideen aurrera, lazo urdina soinean. ETAren "sufrimendu historia" amaitu izanari balioa aitortu dio, erabakia "berandu" heldu den arren. Mendiak gogoan izan ditu ETAren aurrean "erresistitu" zutenak, eta nabarmendu du haien ahaleginari esker izan dela posible "Euskadi aske, sozial eta anitza".
PSE-EEk "elkabizitzaren alde" lan egingo duela gaineratu du Mendiak. Helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea inoiz zilegi ez denaren ideia defendatuko duela ere adierazi du. Ezker abertzaleari galdegin dio onartu dezala ETAren jardunerako sekula ez dela justifikaziorik izan.
Sortuk "poza" agertu du ETAren erabakiarengatik, eta dio amaiera erakundeak Euskal Herriaren askapen prozesuari egindako "ekarpena" dela. Halaber, etorkizuna eraikitzeko printzipio gidaria "eskubide guztiak, guztiontzat" izan behar duela zehaztu du. Adierazi duenez, "ETAk bururaino eraman du hartutako konpromisoa eta, horrenbestez, ezker abertzaleak abiatutako estrategia aldaketaren azken urratsa gauzatu da". Sorturen esanetan, ETAren ibilbidearen amaierak dei egiten euskal eragileei, eta espainiar eta frantziar gobernuei Euskal Herriko gatazkari konponbide bat bilatzeko lan egitera.
Bere aldetik, alderdiko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek ere egin du balorazioa: "Oinetakoak aldatu ditugu, baina bideak berdina izaten jarraitzen du".
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarren iritziz, "aurrerapauso galanta" da gaur ETAk eman duena. Baina aurrera begira jarri da Pello Urizar, eta txio batean nabarmendu du lana dagoela egiteko oraindik, "bake osoa" lortzeko.
Alternatiba baikor agertu da "Euskal Herriaren historian ireki berri den kapituluaren aurrean". ETAren jardunak "askorentzako aztarna mingarriak" utzi dituela adierazi du, baina beharrezko jo du "bakea nagusi izango den etorkizuna eraikitzea". Gertatutakoaren memoria bizirik mantentzea galdegin du, "garailerik eta garaiturik gabe".
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsok prentsaurrekoa eskaini du: "Demokratek izuaren aurka egindako borrokari esker, ETAren behin betiko porrota ziurtatu da gaur. ETA amaitu da, baina haiek likidatu nahi zituzten konstituzioak eta Gernikako estatutuak aurrera darraite". Halaber, Kanboko ekitaldira joatea aurpegiratu dio EAJri: "Urkulluren gobernua argi mintzatu zen, baina EAJ badoa, ez duelako aterik itxi nahi".
ELAren iritziz ETAren amaiera "lagungarri" izango dena bizikidetza eraikitzeko garaian. "Maiz borroka herritarretan zilegi ez zen injerentzia izan da, gure herriaren bizitza sozial eta politikoa era larrian baldintzatzen zuelarik". Orain, hura amaituta biktimak izan ditu gogoan sindikatuak.
Baina ETAren aurkako borrokaren aitzakian hildakoak ere gogoratu ditu ELAk: "Bestalde, ez ditugu ahazten talde paramilitarrek eta segurtasun indarrek hainbeste aldiz urratu zituzten giza eskubideak; kasu hauetako gehienetan oraindik ez da zigorrik ezarri, esaterako Zabaltzaren kasuan". Horiei eta aurrez aipatutakoei lotuta, erreparazioa eskatu dute eta gehiegikeriekin zerikusia izan duten erakundeak erreformatzea.
Behin ziklo historiko bat itxita, "herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko dituen jendartea eraikitzeko momentua" da, LAB sindiaktuaren arabera. Azpimarratu du orain Euskal Herrian urteetan bizi izandako gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta dela, "eta horretarako ere gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa izango da".
LABen iritziz, bi izan dira ziklo amaiera ekarri duten ezaugarri erabakigarriak: aldebakarrekotasuna eta gizarte zibilaren inplikazioa. Eta uste du inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak direla "gaur gaurkoz geratzen den giza eskubideen urraketa nagusiarekin amaitzeko, euskal preso, deportatu eta iheslarien egorari dagokiona, alegia".