Otegi: "Bete dugu guk"

Ezker abertzaleko kideak gutuna idatzi du Logroñoko espetxetik. "Orain gatazkaren ondorioak konpontzea eta bake eta askatasun justu eta iraunkorraren esparrua eraikitzea tokatzen da".

2011ko urriaren 27a
15:49
Entzun

"Euskal Herriaren une historiko hau eraikitzeko gogor egin dugu lan. Ez da erraza izan. Baina ezker abertzaleak berari zegokion Bakearen zati bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, eta bete dugu". Hala dio Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik (Espainia) idatzitako gutunean. Bart zintzilikatu dute eskutitza arnaldotegi.com webgunean.

ETAk borroka armatua behin betiko iragarri izana "erabaki ausarta" da, Otegiren iritziz, eta hor ikusten da "ezker abertzaleak bide demokratikoen alde egindako apustua zintzoa" dela. "Harro" agertu da euren pausoengatik, "eta orain gatazkaren ondorioak konpontzea eta bake eta askatasun justu eta iraunkorraren esparrua eraikitzea tokatzen da".

Otegik dio "logika 'antiterrorista' aintzakia" dela Espainiako eta Frantziako estatuentzat batere ez mugitzeko. Hori bukatzea da ezker abertzalearen xedea, hark dioenez.

"Egin irribarre, orain... irabaztera!", dio eskutitzaren bukaeran.

2009ko urritik daukate preso, beste hainbat lagunekin batera Bateragune auzian atxilotuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela jarri zion joan den irailaren 16n, ETAko buruzagitzat jota. Defentsak Gorenean helegitea aurkeztua du.

ETAren desegitea hizpide

Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren esanetan, "heldugabea den bakarra euren burua abertzale erradikal gisa daukaten horiek ETAren desegitea ez eskatzea da, gainontzeko guztiek egiten dugun bezala; eta 30 urtez berandutzea ETAri ekintza terrorista guztiak geldiarazteko eskaria". 

Azpimarratu du euskal gizarteak zein alderdi politiko eta instituzioek heldutasunez jokatu dutela azken 30 urte hauetan, ETAren desegitea eskatuz. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.