politika

Otegi: "Denen aldetik gatazka gainditzeko borondatea dagoenean aldatzen dira gatazkak"

Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegik esan du, argi dagoela "bizirik dagoen gatazka bat dagoela". Gaineratu duenez, "gatazkak ez dira aldatzen batek proposamen bat egiten duelako eta beste batek adierazpena egiten duelako; denen aldetik gatazka gainditzeko borondate bat dagoenean aldatzen dira gatazkak". Hori esanda, zera iritzi dio: "Ezker abertzalean, Batasunan eta ETAn badago borondate hori, baina oraindik ez dakigu estatuen aldetik eta beste alderdien aldetik borondate hori badagoen, eta egotekotan zein tamainatakoa den". ETB2n egin ditu adierazpen horiek, 'El Punto' saioan.

2005eko urtarrilaren 19a
17:36
Entzun
Jordi Sevilla Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetarako ministroak atzo Getxoko atentatuaren harira egindako adierazpenez galdetuta, "honek zer oztopatzen duen berak argitu beharko du" esan du Otegik, eta bere ustez ez duela "ezer oztopatzen" gaineratu. Hitz horiek "lapsus lingue" bat direla iritzi dio, eta berak ez diela aparteko garrantzirik ematen jakinarazi du. "Adierazpen harrigarriak" direla esan du. Izan ere, honako esan zuen Sevillak: "Gobernuak adierazitakoa berretsi behar da: mota honetako zaratarekin ez goaz inora, utz ditzatela armak, utz diezaiotela hiltzeari, terrorismoa albora dezatela eta hortik aurrera, hitz egiten eta negoziatzen jarrai daiteke".

Otegik esan du, berak ez dakiela Sevilla norekin ariko den negoziatzen, baina bera bi gauzekin ziur dagoela azpimarratu du: "negoziaketa dela bakea lortzeko biderik eraginkorrena" lehena, eta bigarrena beraiek proposamen bat egin zutela Anoetan, non bi negoziaketa esparru zehazten diren.

"Espainiako Gobernuak, gatazkari gako demokratikoetan aurre egitea nahi badu eta borondatea badu, eta Espainiako Gobernuak ETAren borroka armatuak irautea traba bezela ikusten badu, guk argi azaldu dugu zein den irtenbidea. Espainiako Gobernuak egin behar duena zera da: ETArekin elkarrizketa prozesua abiatu, agertoki desberdin bat lortzeko akordioara bidean". Horregaitik, bere iritzian, "ezin daitezke zuzendu Batasunari, Arnaldo Otegiri, Mahai Nazionalari eta ezker abertzaleari, armak isiltzea eskatzeko, hori ez da gure ardura. Batasuna berak egiten duenaren arduradun da, eta Batasunak ez du borroka armatua egiten". Edozein modutara, Espainiako Gobernuak "aukera errealak" dituela azpimarratu du, baina "agertoki bat nahi duenak, landu egin behar du" gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.