abertzaletasuna

Otegi: "Diskurtso ezkertiarrena egin dezakegu, baina euskaldunak gara; ezin dugu oreka galdu”

XXI. mendeko abertzaletasunaz Jakinek eta Zuzeuk antolatutako EHUko Udako Ikastaroan izan da gaur Arnaldo Otegi, Donostian. Idurre Eskisabel eta Andoni Olariaga ere mintzatu dira.

Arnaldo Otegi eta Lorea Agirre, gaur, Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan. JON URBE, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko uztailaren 1a
13:21
Entzun

Estrategia independentistarako ezkerreko diskurtsoa beharrezkoak dela esan du Arnaldo Otegik —argitu du ezker abertzaleko kide gisa hitz egin duela—, baina ohartarazi du identitatearen auzia ezin dela ahaztu: "Diskurtso ezkertiarrena egin dezakegu, baina euskaldunak gara. Ezin dugu oreka galdu”. 

Euskal estatu bat egiteko proiektua behar dela esan du. “Herri hau maite dugunok diagnostiko zorrotz bat egin behar dugu”. Hala, "independentismoa birfundatzeko" zutabeak azaltzen saiatu da: estatu proiektu batek eskaintza soziala ere izan behar du. "Baina faktore identitarioa, emozionala eta euskara ezin dira ahaztu. Dena ezin da arlo sozialera eraman”. Horretaz gain, "lurraldetasunaren korapiloari" ere erantzun behar zaiola azpimarratu du: “Aberri desberdinez hitz egin behar dugu, eta estatu konfederalaz", hiru administrazioen elkar hartzeaz eginda.

“Erresistentziaren aberrigintza agortua" dagoenez, abertzaletasunak eta independentismoak bere burua "birpentsatu" behar dutela azaldu du Otegik, eta berretsi Euskal Herriak estatu bat behar duen ondoriora iritsi behar duela. "Aurretik, ondorio batera iritsi behar gara: Espainiako Estatua ez da demokratizatuko". Oraindik pauso hori emateke dagoela uste du, Katalunian ez bezala. "Katalunian nazionalismo historikoak ere ondorioztatu du katalan estatua behar duela”. Iritzi dio euskal herritarrak "ekonomikoki, komunikatiboki, kulturalki… kolonizatuak” daudela.

Gatazka politikoa areagotzeaz hitz egin du. “Ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin gatazka politikoa areagotzea nahi genuean. Baldintzak bazeuden. Baina gatazka politikoa desagertu egin da urte hauetan. Gauzak oso gaizki egiten ari garela esan nahi du".

Euskal estatuaren egitasmoa egiteko "prozesu eratzailearen" beharra ikusten du Sortuko idazkari nagusiak, eta dio pozesuak "herritarra" izan beharko lukeela.

Olariaga: "Nazio barneratzaileagoa"

Olariaga filosofoak azaldu du "oraindik kriterio hegemoniko bezala nazioak" funtzionatzen duela. "Ez gaude nazioaren osteko aro batean”, baina uste du "abertzaletasuna berridatzi" egin behar dela. “Nazio barneratzaileagoa egin behar da abertzale ez direnak independentismora ekartzeko. Baina non dago euskal estatuaren eredua? Ez dago”. "Esparru berriak" jorratzearen eta Espainiako Estatuarekin "konfrontazioa" bilatzearen alde egin du. “Konfrontazioa beti arlo nazionaletik bilatu dugu. Arlo sozialetik ere bilatu behar da”.

Bitartean, "proposamen taktikoak" egitea ongi ikusten ditu Olariagak –estatutu berria adostu, eta Madrilera eraman...–, "jendearen pertzepzioa aldatzeko” balio dezaketelakoan. “Euskal estatua behar den ondorioa ateratzera behartu behar dugu jendea. Hemen jendeak uste du gaurko statu quo-arekin ondo bizi garela. Irudipen hori da aldatu behar dena”.

Eskisabel: "Amaiur berri bat behar da"

“Bizitza duin eta bizigarria izateko, nor izatea da gakoa”, esan du Eskisabel antropologoak. “Behar dugu herri identitatearen aldarrikapena. Kontua da nola landu XXI. mendean baliagarri izateko”. Hala, “Amaiur berri bat" sortu beharraz mintzatu da: "Emakumeena, prekarioena, euskaldunena. Demokratizazioan eta justizia sozialean sakondu behar da”. Abertzaletasunak aurrerapauso batzuk eman dituela dio, "sortu duelako sexu/genero diskurtso propiorik”, baina "etorkizuneko herri berdinzaleago eta askeago bat izateko" lanean segitu beharko duela.

XXI. mendeko abertzaletasunaz zikloko hitzaldien laburpenak, Zuzeu.eus-en.

Donostian izan da udako ikastaroa, Miramar jauregian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.