EAJren jarduerekin kezkatuta hitz egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak. Izan ere, EAJren lokomotorra "norabiderik gabe", tira egingo dion inor gabe, norekin eta nora joan ez dakiela ikusten du. Atzoko gertaerak aztertu ditu, eta "gezurretan" aritzea aurpegiratu dio alderdi jeltzaleari, inkoherentea izatea eta hitza jatea.
Hitza jan dute, Katalunian 155. artikulua aplikatuta zegoen bitartean Espainiako aurrekotuak ez zituztela onartuko esan arren onartu egin dituztelako. Hori eginda, EAJren sinesgarritasunari ez ezik, "euskaldunen identitate ikur" bat den hitzaren garrantziari ere kalte egin diola aurpegiratu dio, eta horrek, ondorioak izango dituela iragarri du. "Herri baten marka lokaztea" egotzi dio.
Hori bakarrik ez, bere jarrera justifikatzeko gezurretan ari da EAJ, Otegiren ustez. Aurrekontuen onarpena euskal gizartearen gehiengoa ordezkatuz egin dutela esanda gezurretan ari da, Otegiren arabera, kontuan hartzen bada EAEko zein Nafarroako legebiltzarrek, biek, "gehiengoz" eskatu dutenean aurrekontu horiek ez onartzeko. Gezurretan, Cuidadanosek botere gehiago izatea eragotziko dutela esatean; "Ciudadanosek agintzen du jada Estatu honetan". Gezurretan, 155.a artikulua kenduko dutela esanda; "gelditzeko etorri da, nominalki izan edo ez".
Horregatik guztiagatik, Katalanei esan die atzo Espainiako aurrekontuak onartu zituen alderdiak ez duela euskal gizartearen gehiengoar ordezkatzen. Elkartasuna azaldu die gainera, gaur egiten ari diren polizia operazioa dela eta.
"Ez da bateragarria"
Koherantzia gabe, eta "bateragarriak" ez diren ekintzak eginez jokatzea aurpegiratu dio Otegik EAJri. Atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldearen lantzen ari diren Estatutu berriaren hitzaurrea adostu zuten. Goizean erabaki horrekin hartutako bidea, eta arratsaldean aurrekontuak babestuz emandako urratsa ez dira bateragarriak Otegiren ustez "norabide kontrajarrian" doaz. 155. artikulua aplikatzen dutenei babesa ematea, haiei "betorako eskubidea onartzea" da Otegiren irudiko. Horregaitik, EAJri ohartarazi dio burujabetzan aurrera egin nahi badu "aliantza estrategiak" aldatu beharko dituela.
EH Bilduk hitza betetzen duela azpimarratu eta "ardura osoz" jokatuko duela hitzeman eman du.