Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro eta Joseba Garmendia Herriko tabernen auzia izenarekin ezagutzen den 35/02 auzitik kanpo uztearen alde agertu da Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala. Hiru lagun horiek aurretik ere epaituta daude auzitegi horretan, "talde terroristako kide" izatea egotzita, eta pertsona bat ezin da bi aldiz epaitu delitu bera egoitzita. Defentsak egin zuen hirurak aske uzteko eskaera.
Bateragune auzian epaitu eta zigortu zuten Otegi, 18/98 auzian Jose Luis Elkoro, eta Udalbiltza auzian Joseba Garmendia. Hamar urteko zigorra betetzen ari da Otegi, hamabi urtekoa Elkoro —etxean dago preso, gaixo dagoelako—, eta Garmendia absolbitu egin zuten.
Joseba Imanol Kortazar ez epaitzeko ere eskatu zuen defentsak, arrazoi berberagatik. Fiskalak ez du haren inguruko iritzirik eman, zigortu zutela frogatzeko epaia ez duelako aurkeztu.
Epaileak hartuko du azken erabakia, eta, horren arabera, lau lagun horiek urriaren 17an San Fernando de Henaresen egon behar duten edo ez esan. Egun horretan hasiko da auzi horretan nahastuta dauzkaten gainerako 36 lagunen kontrako epaiketa. Herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egozten diete.