"Inoiz ez dugu hain emaitza txarrik EAEn, egin genituenak egin arren". Felipe Gonzalezek SER irrati kateari egindako adierazpenek harridura eta haserrea sortu dute Euskal Herrian, baina ez dute inolako oihartzunik izan Madrilen, eta, hori dela eta, harrituta agertu da gaur Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea. Haren ustez, "eskandalagarria" da adierazpen horren inguruan eztabaidarik ez egotea. Ironiaz esan du PSOEren zuzendaritzan dimisioa eman duten hamazazpi kideek horregatik dimititu dutela.
Iñigo Urkullurekin eta Andoni Ortuzarrekin bildu ostean egin ditu adierazpen horiek Otegik. Azaldu du "jende guztiak" ulertu duela zer esan nahi izan zuen Gonzalezek: "Gerra zikinaz ari zela ulertu zen, torturaz, eta, batzuek diotenaren arabera, herri honetan heroina sartu izanaz. Atzo zenbait gauza aldarrikatu zituen, eta gauza horien arduradun egin zuen bere burua". Otegik eskatu dio Gonzalezi argitzeko zertaz ari zen.
PSOEren krisiaz ironikoki mintzatu zen: "Atzo hamazazpi dimisio eman zituzten PSOEn, eta guk uste genuen Felipe Gonzalezek esandakoengatik zela, baina ez omen da horrela". Bideoa: Felipe Gonzalezen adierazpenak (Hala Bideoa).
[YouTube]https://youtu.be/-3_nzlgHxm0[/YouTube]