politika

Otegi: "ETA prestatuta dago indarkeria uzteko"

'The Wall Street Journal'-ek elkarrizketa egin dio preso eta ezker abertzaleko kideari. Honen arabera, erakunde armatuak "euskal estatu independentea sortzeko estrategia baketsua" hasiko luke. Otegik berretsi du ezker abertzaleak "edozein indarkeria baztertu" egiten duela; "gure jokabidea irmoa da eta atzeraezina".

2010eko abenduaren 28a
16:43
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen ustez, "ETA prestatuta dago indarkeria uzteko eta euskal estatu independentea sortzeko estrategia baketsuari ekiteko". Hala adierazi du The Wall Street Journal Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hedabideak egin dion elkarrizketan. Politikariaren iritziz, "laster" izango diren "gertakarien" ondorioz, Espainiako Gobernuak "presio handiagoa" edukiko du elkarrizketa hasteko.

Komunikabidearen arabera, Otegik idatziz erantzun ditu galderak Logroñoko kartzelatik (Espainia). Han daukate preso. Iazko urrian atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan.

"Iraganean Espainiako Gobernuarekin izandako bake elkarrizketetan negoziatzaile erabakigarri" gisa jo du The Wall Street Journal-ek.

Otegik berretsi du ezker abertzaleak "edozein indarkeria baztertu" egiten duela "helburu politikoak" lortzeko. "Gure jokabidea irmoa da eta atzeraezina. Behar adina berme emateko moduan gaude". Ezker abertzaleak, Gernikako Akordioko kide bezala, "su-eten aldebakarrekoa, iraunkorra eta egiaztagarria" emateko dei egina dio ETAri joan den irailetik, eta azaroan iragarri zuen alderdi politiko berria legeztatzeko estatutuetan "indarkeria errefusatu" egingo duela.

The Wall Street Journal-ek dio ETAk 829 pertsona hil dituela "Espainiaren iparraldearen eta Frantziaren hego-ekialdean euskal estatua lortzeko asmoz", eta idatzi du AEBek, Espainiako Estatuak eta Europako Batasunak "erakunde terroristatzat" dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.