Espainiako Fiskaltzak Kataluniako buruzagi independentisten aurka eskatutako zigor eskaerak izan du erantzuna Euskal Herrian ere. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak elkartasuna eta errespetua adierazi dizkie lehenik auzipetuei, euren senideei eta kataluniar guztiei. Otegik esan du zigor eskaerekin Espainiako estatuak erakutsi duela ez duela "natura demokratikorik", eta ez duela gaitasunik "arazo politikoei irtenbide politikoak emateko".
"Estatu antidemokratiko baten aurrean gaude", gaineratu du Otegik, eta horren aurrean beharrezkotzat jo du euskal herritar, galiziar eta kataluniarren arteko estrategi komun bat: "Elkarrekin jokatu behar dugu, elkarrekiko konplizitatearekin eta estrategia batekin, parean daukagun estatua gure eskubide guztien aurkakoa delako. Behartuta gaude".
Azkenik, David Fernandez CUPeko parlamentari ohiaren hitz batzuk ekarri ditu gogora bere balorazioan Otegik: "Ez badago bide demokratikorik independentziara, independentziarako bidea egingo dugu demokrazia lortzeko".
Kritiko azaldu da EAJ ere. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, EAJk esan du Kataluniako prozesu subiranista ez dela "ez matxinada, ez sedizioa", eta, akusazio horiek aurkeztu beharrean, "politika eta elkarrizketa" jo ditu beharrezkotzat.
"EAJk beste behin ere adierazi nahi du Kataluniako auziaren konponbidea, denboran luzatu den auzi politikoa delarik, ez dela sekula ere judikaturatik edo politikaren judizializaziotik etorriko". Era berean, eskatu du badaezpadako espetxealdi "bidegabean" daudenak aske uzteko, eta erbesteratuak Kataluniara itzuli ahal izatea.
Fiskalaren akusazioen berri jakin aurretik, estatuko abokatuaren zigor eskariez mintzatu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Esan du ez dagoela "batere" pozik sedizio delitua leporatu dietelako auzipetuei, baina espero du "matxinadarik ez zela gertatu ulertu izanak" buruzagi independentisten "egoera erraztea". Edozein gisara, "bizitza politikoaren judizializazioa" arbuiatu du.