EH Bilduk hamar egun barru egingo du bere I. kongresua, eta indarrak haren proiektuan jarriak dituztela adierazi du Arnaldo Otegik. Alderdietan ez dauden herritarengana zabaldu nahi dutela esan du. "Koalizioa termino politikoetan gainditutako formula bat da. Ez dakit noiz, baina sektore berriak sartuko dira EH Bildun. Baina ez diogu alderdiak desagertu behar direnik".
EAko kongresuko akordio politikoak EH Bilduren aniztasunari buruz dioenarekin bat egiten dutela azaldu du Otegik, eta, adibidez, esan du ez dela bozeramaile bakarra egongo. "Hogei idazkaritza egongo dira, eta bakoitzak izango du bere bozeramailea. Lau alderdiek ere izango dute, instituzio publikoetakoak izango dira...".
Otegik berretsi du EH Bilduko koordinatzaile nagusi bada —hura proposatu dute horretarako— Sortuko idazkari nagusi izateari utziko diola. "Sortun neuk esan nuen bateraezinak direla bi karguak", adierazi du, Donostian, Sorturen egoitzan emandako prentsaurreko batean. "Karguak pilatzea ez da egokia; are gutxiago, ezker mugimenduan". Mahai Politikoa osatzeko dagoen proposamena datorren astelehenetik ostiralera artean bozkatu ahal izango da.
Miren Zabaleta Sortuko eledun eta Nafarroako arduradunak nabarmendu du Otegiren mugimendu horretan ere ikusten dela bere alderdiak EH Bildurekiko "apustu irmoa eta estrategikoa" egina duela. Sortuk iraileko bere konferentzia politikoan izendatuko du idazkari nagusi berria. Kontseilu Nazionaleko kide bat proposatuko du kargurako, Zabaletak esan duenez.
Agerraldian Pello Otxandiano, Zuriñe Gojenola, Sonia Jacinto, Gotzon Elizburu, Gorka Elejabarrieta eta Nuria Altzugarai Kontseilu Nazionaleko kideak ere egon dira.