Logroñoko (Espainia) kartzelatik gutun bat idatzi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak, www.basquepeaceprocess.info webgunerako. Bertan adierazi du ezker abertzalearen «lehen bataila sinesgarritasuna berreskuratzea» izan dela. Azaldu duenez, azken elkarrizketa prozesuaren «porrotaren» ondoren, ezker abertzaleak bere estrategiaren gainbegiratze autokritikoari ekin zion, jakinda aurreko negoziazio esperientziek, bereziki Lizarrakoak eta Loiolakoak, eragin egin ziotela bere sinesgarritasun politikoari. «Prozesu demokratikoa gure herrian eta nazioartean oinarritu genuenez, premiazkotzat jo genuen berriro sinesgarritasuna lortzea», dio, hitzez hitz, Otegiren idatziak.
Haren ustez, alferrikakoa da Espainiako Estatuak ezker abertzaleak baino sinesgarritasun txikiagoa duela esaten ibiltzea, «estatuak ez duelako behar herritarren onarpena, eta, aldiz, nazio askapen prozesua bultzatzen dugunontzat herritarren zilegitasuna izatea ezinbestekoa da». Ezker abertzaleari «iradokizunak eta proposamenak» egiteko eragile bakarrak prozesu demokratikoan sartuta daudenak direla iritzi dio Otegik. Eta gaineratu du haien sinesgarritasuna irabaztera zuzenduta egon direla ezker abertzalearen «ahalegin denak».
Independentistei esker dago gaur egun Euskal Herria «egoera politiko berrian», ezker abertzaleko kidearen ustetan. Hala ere, oraindik «jarrera immobilistak» egon badaudela ohartarazi du Otegik, «baina ezin duteetsipena ezkutatu, eta gero eta urduriago daude».
Sorturen sorrera
Otegi: «Gure lehen bataila sinesgarritasuna berreskuratzea izan da»
Herritarren zilegitasuna izatea ezinbestekoa dela dio ezker abertzaleko kideak, kartzelatik bidalitako idatzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu