Ezker abertzaleak egin du azkenean BECeko ekitaldia. Ez oztopo gutxirekin. Atzo Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin zuen, baina zirrikitu bat zabalik utzita. Ekitaldiaren sustatzaileek Abertzale Sozialisten Batasunaren (ASB) aipamenik ez zutela egingo hitz emanez gero, baimendu egingo lukeela adierazi zuen.
Hala gertatu da. Epaileak autoan ezker abertzaleko 41 kideren izenak aipatu zituen, eta haiek idatziz ekitaldian ASB ez aipatzeko konpromisoa hartu beharko zutela agindu zuen. Hala egin dute gaur 39 kidek; haietako batzuek, BECeko ekitaldia hastear zela. Beste bi kideak espetxean daude: Aiora Epelde eta Olatz Dañobeitia.
17:30ean zen hastekoa ekitaldia, baina 17:45ean ireki dituzte BECeko ateak. 18:20 pasatxo ekin diote. Aretoak 19.000 lagunentzako tokia du eta, izkina bakanen batzuk hutsik egon diren arren, beste dena beteta egon da. Kanpoan Ertzaintzaren helikoptero bat baino ez da ibili; ez da ertzainik azaldu, bestela. Ekitaldian ASBri buruzko deus ez da ageri aretoan, eta hizlariek ez dute aipatu.
Jai giroa izan da nagusi BEC barruan ekitaldiko lehen zatian: batukada... Ezker abertzalearen kide historiko batzuk oholtzatik pasatu ondoren, Pernando Barrenak alderdi politikoen arteko akordioaren beharraz hitz egin du, "elkarrizketa mahaia sustatzeko". Autodeterminazioa eta lurraldetasuna ezinbestekotzat jo ditu. Hala, ezker abertzaleak Iruñean Anaitasuna kiroldegian egindako proposamena, "zentzuzkoa, demokratikoa eta lortzeko modukoa" dela adierazi du.
Arnaldo Otegik hartu du hitza gero. "Hauteskundeetan egongo gara, garen bezala, mozorrorik gabe", esan du. Bozetan parte hartzea bake prozesua martxan jartzeko beharrezkoa dela aipatu du.
BECen ASB alderdia aurkezteko asmoa zutela uste duelako hartu zuen debekatzeko erabakia Garzonek, ASB Batasunaren jarraipena “izan litekeelako”, atzo goizean plazaratutako autoan azaldu zuenez.
Otegi: "Hauteskundeetan egongo gara, garen bezala"
20:30ak inguruan bukatu da BECeko ekitaldia. Aretoa bete du ezker abertzaleak. Ekitaldia egin ahal izateko, Garzonek 41 kideri ASB ez aipatzeko baldintza jarri zien atzoko autoan eta 39k idatziz konpromiso hori agertu dute gaur, bakoitzak agiria sinatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu