Politika

Otegi: "Iraultza kontserbadorearen aurrean jarriko dugu iraultza demokratikoa"

EH Bilduren kongresua egin dute Bilbon, eta han, militanteek gehiengo handiz onartu dituzte Arnaldo Otegiren taldearen txosten politikoa eta estatutuak. Hark zuzendaritzarako proposatutako taldea ere onartu dute.

Otegi eta Iriarte, ekialdiaren bukaeran. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 17a
08:43
Entzun

Militanteen %84ren babesa jaso du Otegik proposatutako zuzendaritza taldeak, eta %93koa txosten politikoak eta estatutuek. Beraz, Otegi izango da koalizio ireki gisara definitu duteneko koordinatzaile nagusia. Gari Mujika izango du alboan, zuzendari nagusi postuan, eta zuzendaritzako kide izango dira Ainhoa Beola, Coldo Castañeda, Maider Karrere eta Josu Juaristi ere, proposatu eta aukeratutako idazkariekin batera.

Abertzalea eta ezkerrekoa. Bi abizen horiek jarri dizkio EH Bilduren proiektuari Otegik bozketa ostean eskainitako hitzaldian. Lotuta aurkeztu ditu bi ardatz horiek, gainera. "Guk independentzia eta eredu sozial berri bat nahi dugu". EAJ alderdiaren izenik ez du aipatu Otegik, baina behin baino gehiagotan egin dizkie zeharkako erreferentziak jeltzaleei hitzaldian. "Euskal Herrian iraultza kontserbadore bat dago martxan", esan du, eta EH Bildu da haren alternatiba, Otegiren hitzetan. "Guk iraultza kontserbadore horren aurrean jarriko dugu iraultze demokratikoa". Lankidetzarako mugak ere badaudela argudiatu du horregatik. "Gauza bat da eskua luzatzea, eta beste gauza bat da ahaztea gu alternatiba bat garela herri honetan. Konplexurik gabe esaten diegu hemengo neoliberalei: 'Zuen politika neoliberalak inposatzen jarraitzen baduzue, gu parean edukiko gaituzue'".

Behin baino gehiagotan izan du Katalunia aipagai Otegik, eta hari erreferentzia eginez amaitu du bere hitzaldia: "Gora Euskal Herria askatuta. Gora Katalunia askatuta", oihukatuz, zehazki. Kataluniako prozesua guztiz lotu du Euskal Herrikoarekin, gainera. Otegiren hitzetan, gaur egun Katalunian jokatzen dena ez baita soilik "Kataluniaren askapenaren bataila", baizik eta baita Euskal Herriaren "askapenaren bataila" ere.

"Alternatiba bakarra"

Astea eman du Maddalen Iriartek EH Bilduko kongresura harri bat eramateko asmoa zuela esanez, koalizioa haren gainean eraikitzeko, eta, horregatik, eskuetan benetako harri bat duela igo da oholtzara hitz egitera. Euskal Herriarentzako "alternatiba bakarra" EH Bildu dela nabarmendu du. "Gure proiektua da Euskal Herriaren independentziaren alde egiten duen bakarra. Bai, bakarra".

Euskararen gaiari ere pisu berezia eman dio, eta keinu egin dio horregatik aste honetan Gasteizko Legebiltzarrean euskararen inguruan izandako eztabaidari. "Euskaratik eta euskaraz eraiki nahi dugun herria da hau, aitzakiarik gabe, parlamentuetik botatzen bagaituzte ere; euskaraz eraiki nahi dugun herria". Nafarroako aldaketa ere izan du gogoan Iriartek. "Nafarroan aldaketa gertatu bada, EH Bildugatik izan da". Eta kantuan jarri du Euskaldunako aretoa: "Agur, UPN agur, agur".

Koalizio, alderdi, mugimendu

Horrenbestez, "koalizio baten forma, alderdi baten egitura eta mugimendu baten izaera" duen "subjektu politiko berria" izango dira aurrerantzean. Sortu, EA eta Alternatibako kideez gain, protagonismo handiagoa izango dute independenteek, eta parte hartzea sustatzea dute helburu.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin dute kongresua. Ateak itxita egin dute eztabaidaren eta bozketaren zatia, era ekitaldi publikoa egin dute ondoren, besteak beste, nazioarteko ordezkarien parte hartzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.