Politika

Otegi libre, fiskalak akusazioa erretiratu egin duelako

Batasuneko bozeramailea arratsaldean atxilotuta eraman du Guardia Zibilak Madrilera, hegazkinez. Otegik goizez ezin izan du joan epaiketara, elurragatik. Fiskalak aurretik 15 hilabeteko kartzela zigor eskaera egina zuen.

2007ko martxoaren 21a
22:36
Entzun
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileari ez diote zigorrak jarriko, Fernando Burgos fiskalak gaur arratsaldean akusazioa erretiratu egin duelako eta, beraz, ez da epaiketarik izango, ez baitago akusazio partikularrik. Fiskalak aurretik 15 hilabeteko kartzela zigor eskaera egina zuen.

Arratsaldean atxilotu du Guardia Zibilak Otegi, 16:45ean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta auto batean sartu dute Madrilera eramateko, gaur bertan epaitzeko. Espainiako Poliziaren hegazkin batean sartu dute Loiun, eta Madrilera eraman dute. 20:15ean hasi da epaiketa.

Etxean zegoen Otegi, Elgoibarren, Burgostik (Espainia) bueltan. Izan ere, goizean autoz Madrilera abiatu da epaiketara baina ezin izan du iritsi, elurragatik Burgosen geratu delako aurrera ezin eginda, eta 16:30ak arte atzeratu du Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako 4. ataleko epaimahaiak epaiketa ordua. Ondoren, ordea, Otegi etxerantz abiatu da Burgostik, eta Auzitegi Nazionalak Guardia Zibilari hura atxilotzeko eta Madrilera eramateko agindu dio.

Guardia zibilen bost patrol azaldu dira Elgoibarrera eta etxean atzeman dute Otegi. Guardia Zibilaren ustez, Madrilera errepidez joan zitekeen. 18:00etan hastea nahi zuten epaiketa Auzitegi Nazionalean. Hegazkina erabili dute azkar iristeko.

Joseba Permach Batasuneko koordinatzailea Otegiren etxean zegoen atxilotu dutenean. Atarian, berriz, ezker abertzaleko hainbat kide, herritarrari animoak emanez. 20:00etan batzarra egin dute Elgoibarren eta ondoren manifestazioa.

Defentsaren bost lekukoek ere ezin izan dute Madrilera iritsi, arrazoi beragatik: Joseba Permach eta Joseba Alvarez Batasuneko kideek, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, eta Olaia Kastresanaren gurasoek.

Hain zuzen, Kastresana ETAko kidearen omenaldian egindako adierazpenengatik "terrorismoa goratzea" leporatuta epaitu dute Otegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.