Politika

Otegi, Permach, Alvarez eta Balda Anoetako ekitaldiagatik epaitu egingo dituzte

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hartu du erabakia. Bake prozesura begirako proposamena egin zuen Batasunak 2004an.

2008ko abenduaren 17a
18:59
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Iñigo Balda Batasuneko kideak epaitzeko autoa atera du gaur, alderdi horrek 2004ko azaroaren 14an Donostian Anoeta Belodromoan bake prozesura begira egindako ekitaldiagatik -hamabost mila lagun joan ziren-. "Terrorismoa gorestea" egozten die Eloy Velasco epaileak. Ermuko Foroak sartu zuen salaketa.

Otegiri eta Permachi ekitaldian bertan parte-hartze zuzena izatea leporatzen die, eta Alvarezi eta Baldari belodromoa alokatzea.

Batasuna ordurako legez kanpoko alderditzat joa zuen Espainiako Justiziak -2003tik-.

Duela gutxi Fernando Andreu auzitegi bereko epaileak Otegiren kontrako epaiketa egin behar dela erabaki zuen, honek 2005ean Jose Mari Sagardui presoaren aldeko ekitaldi batean parte hartu zuelako.

Urtarrilaren 8tik, berriz, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, beste epaiketa bat izango du Batasuneko kideak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko idazkari nagusia eta Antolaketa idazkariaren, eta Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia Batasuneko kideen eta beraren kontrako ahozko epaiketa hasiko da orduan, hain zuzen. Batasunekoei desobedentzia delitua egitea egotzi diete, eta besteei delitu hori egiteko beharrezko kolaboratzaile izatea. Jendaurrekoak izan ziren bilera haiek, ETA 2006an su-etena eman eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.