Otegi: «PPren gehiengo osoa abantaila izan daiteke prozesuan»

ETAk egindako mina aitortuko duela dio Otegik, Vocento taldeari eskainitako elkarrizketa batean

Arnaldo Otegi. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuten atzo El Diario Vasco eta El Correo egunkariek. Otegik Logroñoko kartzelatik (Espainia) erantzun die Vocento taldeko hedabideek bidalitako galderei. Ezker abertzaleko kideak elkarrizketan dioenez, PPk Espainiako hauteskundeetan lortu duen gehiengo osoa «abantaila» izan daiteke bake prozesuan aurrera egiteko. «Espainiako presidenteak borondate politikoa erakusten badu, paradoxikoki PPren gehiengo osoa abantaila izan daiteke bake prozesuan aurrera egiteko».

Hala ere, hauteskundeen ostean PPko hainbat bozeramailek egindako adierazpenak «kezkatzen» dutela esan du ezker abertzaleko buruzagiak: «Guztion artean eragotzi behar dugu PPk bake prozesuaren inguruko probokazio edo immobilismo jarrerei eustea». Otegik espero du Mariano Raxoiren gobernua jabetzea gatazkari behin betiko konponbidea emateko aukera eskuetan duela eta, horrenbestez, «erantzukizunez» jokatzea.

Horrez gain, Otegi ziur da ETAk eragindako mina aitortuko duela, baina erakunde armatuak «erabakitzen duen unean eta terminoetan». Eta, ondoren, honako hau galdetu du: «Aitortuko al du Estatuak bere estrategiak sortutako mina, Erresuma Batuko Gobernuak egin zuen moduan?». Ezker abertzalea, berriz, alor horretan «Gernikako Akordioan hartutako konpromisoekin koherentea» izango dela eta ETAren biktimekiko keinu bat egingo duela esan du.

Ezker abertzalearen proiektua estrategia baketsu eta demokratikoetatik bideratzea «urteetako lana» izan dela azaldu du, eta argi utzi du ez dagoela erabakian atzera egiteko arriskurik: «Hori nahi dutenak ez daude ezker abertzalean, baizik eta sektore politiko, judizial, mediatiko eta militarretan». Edozein eratan, Otegik dio ezker abertzaleak ez duela «presarik» politika alorrean, denboraalde duelako. «Gure jarrera politikoak denbora pasatu ahala indartuz joango dira, eta Estatuarenak, ahultzen».

Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak bake prozesuan lidergorik erakutsi duen galdetuta, Otegik erantzun du lehendakariak «hutsegite galanta» egin duela, «Rubalcabaren Espainiaren interesak Euskal Herriaren bakearen gainetik ipini dituzten pertsonei kasu gehiegi egin dielako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.