politika

Otegi: "Premiazkotzat jo genuen berriro sinesgarritasuna izatea"

Ezker abertzaleko kideak idatzi bat helarazi du kartzelatik. "Azken prozesuaren porrotaren ondoren gure estrategiaren gainbegiratze autokritikoa hasi genuenean, jakitun ginen aurreko negoziazio esperientziek eragin egin ziotela gure sinesgarritasun politikoari".

2011ko otsailaren 18a
22:55
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak uste du euren "lehen bataila sinesgarritasuna berreskuratzea" izan dela. Hala dio Logroñoko (Espainia) kartzelatik basquepeaceprocess.info-ri helarazitako idatzi batean. "Gure estrategiaren gainbegiratze autokritikoari ekin behar geniola gogoetan hasi ginenean -azken elkarrizketa prozesuaren porrotaren ondoren-, jakitun ginen aurreko negoziazio esperientziek eragin egin ziotela gure sinesgarritasun politikoari. Prozesu demokratikoa gure herrian eta nazioartean oinarritu genituenez, premiazkotzat jo genuen berriro sinesgarritasuna izatea".

Otegik uste du alferrikakoa dela Espainiako Estatuak ezker abertzaleak baino sinesgarritasun txikiagoa duela esaten ibiltzea, "estatuak ez duelako behar herritarren onarpena; aldiz, nazio askapen prozesua bultzatzen dugunontzat herritarren zilegitasuna izatea ezinbestekoa da".

Ezker abertzaleari "iradokizunak eta proposamenak egiteko eragile bakarrak prozesu demokratikoan sartuta daudenak" direla iritzi dio Otegik. "Haien sinesgarritasuna irabaztera zuzenduta egon dira gure ahalegin denak".

Haren arabera, independentistei esker dago gaur egun Euskal Herrian "egoera politiko berria". Dena dela, oraindik "jarrera inmobilistak" egon badaudela ohartarazi du, "baina ezin dute dezepzioa ezkutatu, gero eta urduriago daude".

2009ko urritik preso daukate Otegi. Batasunaren Mahai Nazionala berriro sortu nahi zuelakoan atxilotu zuten, Donostian, LABen egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.