poliTIKA

Otegik espetxean segitu beharko du

Auzitegi Nazionalak atzera bota du ezker abertzaleko kidea aske uzteko egindako eskaera, libre uzteak "bake sozialari eta askatasun publikoei eragin" egingo liekeelakoan. Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezek ere preso segituko dute.

2010eko azaroaren 2a
11:14
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak baztertu egin du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea aske uzteko egindako eskaera, hura libre uzteak "bake sozialari eta askatasun publikoei eragin" egingo liekeelakoan. Fiskalaren iritzia aintzat hartu du, beraz, auzitegiak.

Jone Goirizelaia defentsa abokatuak egin zuen eskaera, gaur egun Otegi preso edukitzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuta. Bateragune kasuan atxilotu zuten Otegi, ETAren esanetara ari zela egotzita. Goirizelaiak dio azkenaldiko gertaerek erakusten dutela hark ez duela horrekin ezer ikustekorik. Esaterako, ezker abertzaleak, Gernikako Akordioaren bidez, ETAri su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria emateko eskatu berri dio.

Abokatuak Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez ere askatzeko galdegin zuen -Otegiren operazio berean atzeman zituzten, iazko urrian-, baina neurri horren aurka ere azaldu da auzitegia.

Goirizelaiak martxoan ere eskatu zuen Otegi aske uzteko, honen sendiko kide batzuen osasun egoera zela medio. Auzitegiak atzera bota zuen eskaera, baita uztailean ere.

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak irailean eman zuen bukatutzak Bateragune auziko sumarioa, eta kasua epaiketara bidean geratu zen. Otegiz gain, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal ezker abertzaleko kideak daude auzipetuta, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan eta ETAren esanetara ari zirelakoan. Iazko urriaren 13an atxilotu zituzten. Otegi, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez kartzelan dauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.