ezker abertzalea

Otegik eta belaunaldi berriak gidatuko dute Sorturen "birfundaziorako" prozesua

Egungo Kontseilu Nazionalak egin du zuzendaritza proposamena, uztailaren 2ko batzarrean bozkatzeko. "Aldaketa sakona" izango da. Besteak beste, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta egongo dira lantaldean. Abenduan egingo dute Sorturen kongresua.

Argazkian, erdian, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta, joan den urriaren 17an, Donostian, 'Bateragune auzian' kartzelatik irten eta sei egunera. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 17a
18:21
Entzun

Sorturen uztailaren 2ko asanblada nazionalak ontzat joz gero, Arnaldo Otegik eta belaunaldi berriak izango dute ardura ezker abertzaleko alderdiaren "birfundaziorako" prozesua gidatzeko, BERRIAk eskuratu duen dokumentuak dakarrenez. Hamabost laguneko zuzendaritza bat izango da, eta, egun Sortuko Kontseilu Nazionalean direnetatik, Otegi baino ez da ageri zerrendan —kontseiluak berak egin du proposamena, apirileko nazio batzarrak finkatutako irizpideak aintzat hartuta—. Otegi idazkari nagusi hautatu zuten Sorturen eratze biltzarrean, 2013ko otsailean, baina Bateragune auziagatik aurtengo martxoaren 1era arte preso egon da, eta ez du, beraz, alderdiaren organoetan fisikoki parte hartzerik izan. Libre denetik, gainera, batik bat EH Bildura begira dago, Eusko Legebiltzarrerako udazkeneko bozetako lehendakarigai izendatu baitute.

Bateragune auzian preso egondako beste hiru kide ere badaude zuzendaritza proposamenean: Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta (goiko argazkian, iazko urrian, Donostian, kartzelatik irten eta sei egunera). Besteak Pello Otxandiano, Gorka Elejabarrieta, Maite Sabalza, Gotzon Elizburu, Enkarna Cordon, Jone Etxeberria, Unai Gonzalez, Oiakue Azpiri eta Haimar Altuna dira. Taldea osatzeko, Ipar Euskal Herritik bi ordezkari izendatzea falta da; datozen egunotan jakinaraziko dituzte izenak. Ezagun egin dituzten hamahiruen artetik hamar 40 urtetik beherakoak dira; 1976 eta 1988 artean sortutakoak. Otegi 1958koa da, eta beste bi zaharrenak Cordon (1960) eta Azpiri (1972) dira. Kontuan hartu dituzte parekidetasuna —hamahirutik zazpi gizonak dira, eta sei, emakumeak— eta lurraldetasuna —"irismen nazionala"—. Euskaldunak dira denak.

Sorturen idatziak dio aintzat hartu dituzten beste irizpideak direla "berrikuntza eta freskotasuna; gaztetasuna eta esperientzia; eraginkortasuna —misioa aurrera ateratzeko kohesio eta baliabide nahikoak—; eta gaur egungo Sortu ezagutzen duten kideak eta Sorturen ibilbidean egunerokotasunean itota ibili ez direnak".

Diseinua, araudia eta lantaldea, bozketara

Barañainen (Nafarroa) egingo dute asanblada nazionala, auditoriumean, goizeko hamarretan. Kontseilu Nazionalak hiru urteotako txostena aurkeztuko du, eta birfundazio prozesuko diseinua eta araudia, eta zuzendaritza proposamena bozkatuko dituzte. Kontseilu Nazionalak atzo zabaldu zuen lantaldearen zerrenda oinarrietara, eta proposamen denak ekainaren bukaeran helaraziko dizkie hitzordurako izena emandako denei. Parte hartze zabala lortu nahi dute, sortukideetatik haratago heltzea; edozeinek eman ahal du izena, Sortu.eus-eko fitxa beteta. Kongresua, berriz, abenduan egitea aurreikusten da.

Abian barne eztabaidaren ondorioa da guztia. Maiatzaren 7an bukatu zuten Abian, eta erabaki zuten ezker abertzaleak eraberritu beharra duela "prozesu independentista eraldatzailea" garatzeko. Eta dena Sortutik hasita, hura jotzen baitute mugimenduko "bilgune erreferentziala". Alderdiak apirilaren 21ean egindako batzar nazionalean erabaki zuen erronkari eustea, eta uztaileko bilkura antolatu eta diseinatu du. Zutik Euskal Herria adierazpenean (2010) ebatzitako estrategia egokitzeaz gain, antolaketa aldetik "iraultzaren" beharra dagoela diote, eta horretara dator Sorturen zuzendaritza aldaketa. Kongresura artean talde horrek gidatuko du birfundazio prozesua, eta egunerokoaz ere arduratuko da. Inork ez du kargu jakinik izango.

"Ezkerreko independentismoa martxan jartzeko astinaldia izan nahi du birfundazioak", dio Sortuk. "Aldaketa sakonak gauzatzeko garaia da antolaketa moldeei, kultura politikoari eta praktika politikoari dagokionez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.