Otegik bere izenean jarri du helegitea, eta ez EH Bildu koalizioaren izenean. "Hautaezin" izendatu zuen Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak, Bateragune auziko epaiaren arabera inhabilitatuta dagoela argudiatuta. Otegik, baina, kontrako iritzia du. Iñigo Iruin abokatuak prentsaurrekoan azaldu zuen inhabilitazio hori Otegi espetxetik atera zenean amaitu zela, alegia, martxoaren 1ean.
EH Bilduk azaldu duenez, zigorren exekuzioaren legalitate irizpidearen eta sufragio pasiborako eskubidearen barruan politikan parte hartzeko eskubidea urratzen direla adierazi dute helegitean: "Inhabilitazio berezirako zigor horrengatik Arnaldo Otegi hautagai izateko ezgaitua izatea onartzean, Hauteskunde Batzordeak zigorraren izaera aldatu du eta duena baino maila handiagoa eman dio".
Helegitea gaur aurkeztu dute, Donostiako Administrazioarekiko Auzitegian, eta hark larunbatera arteko epea du erabakiaren berri emateko.
Auzitegi horren erabakiarekin konforme ez badaude, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango dute aldeek, eta hark kanpaina hasi aurretik eman beharko du azken erabakiaren berri.