bateragune auzia

Otegik hiru epaileren aurka aurkeztutako errefusatzea atzera bota du Auzitegi Nazionalak

'Bateragune auziko' epaileak Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel ez izateko eskaera egin zuen, bere aurkako "aurreiritziak" dituztelako. 69ko salako zazpi magistratu helegitearen kontra azaldu dira, bi alde.

Berria.info
2011ko apirilaren 26a
22:01
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 69ko salak baztertu egin du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak hiru epaileren aurka aurkeztutako errefusatzea. Bateragune auziko epaileak Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel ez izateko eskaera egina zuen defentsa abokatuak, epaileok Otegiren kontrako "aurreiritziak" dituztelako.

Auzitegi Nazionaleko zazpi magistratu helegitearen kontra agertu dira, bi alde. Ateak itxita egin dute saioa, gaur goizean.

Murillo, Palacios eta Martelek osatutako epaimahaiak Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren aldeko ekitaldian "terrorismoa goratu" zuela iritzita bi urteko kartzela zigorra jarri zion Otegiri iaz, baina gero Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen epaia, epaiketako saioetan "aurreiritziekin" jokatu zutelako. Otegik ondoren erabaki zuen Bateragune auzirako haien aurkako helegitea sartzea. Auzitegi Nazionaleko 69eko salak gaur esan du bi kasuak desberdinak direla.

2009ko urrian atxilotu egin zuen Espainiako Poliziak Otegi —beste hainbat kiderekin batera—, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuelakoan —Poliziak Bateragune izena jarri zion operazioari—. Preso daukate harrezkero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.