Otegik bere erabakia azaltzeko gutunean dio Katalunian abiatu den prozesuaren kontrakoek prozesua oztopatzeko erabiliko luketela bere parte hartzea, Euskal Herriko egoerarekin nahasteko, zatiketa eragiteko eta eztabaidan atentzioa desbideratzeko. "Testuinguru horretan, ez da nire asmoa, ezta urrutikoa ere, Kataluniako nazioaren herritarrei dagokien protagonismoa hartzea". Gaineratu du ez duela bilakatu nahi "argudiorik ez dutenen instrumentu".
Horren guztiaren gainetik, ordea, Otegik nabarmendu du bere parte hartzeak, CUP eta ERCren onespena bazuen ere, ez zuela subiranotasun prozesua babesten duten beste alderdi batzuena, eta horiek parlamentuko gehiengo osatzen dutenez, hori badela nahikoa arrazoi uko egiteko. "Uste dut orain eta hemen hori dela nire ekarpenik onena, eta erabakitzeko eskubidearen inguruko batzordean parte ez hartzea erabaki dut".
Otegik gutunaren amaieran dio espero duela guztiek errespetatzea Kataluniako Parlamentuak hartzen dituen erabakiak, "baita independentziarena ere", "modu berean eta espiritu demokratiko berarekin". Eskerrak eman dizkio CUPi bere parte hartzea proposatzeagatik.