Auzitegi Nazionala

Otegiren aurkako epaiketa atzeratu egin dute apirilaren 10 arte

2003an Jose Migel Beñaran 'Argala'-ren omenaldian egin zituen adierazpenengatik epaitu behar zuten bihar Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azkenean, ordea, epaiketa ez da bihar izango, Otegi gaixo dagoela-eta saioa apirilaren 10 arte atzeratzea erabaki baitu epaitegiak.

2006ko martxoaren 15a
19:28
Entzun
Bi agerraldi egin behar zituen aste honetan Otegik Auzitegi Nazionalean: bat joan den osteguneko greba eta mobilizazio egunagatik inputatu gisa, astelehenean; bestea bihar, 2003an Argala-ren omenaldian egin zituen adierazpenengatik epaitua izateko. "Terrorismoa goratzea" egozten diote, eta 15 hilabeteko espetxea eskatzen du Fiskaltzak.

Baina Batasuneko buruzagia gaixorik dago, bronkitisarekin, eta asteleheneko agerraldia ez zuen egin. Argalaren omenaldiagatik bihar zuen epaiketa, berriz, apirilaren 10 arte atzeratzea erabaki du Auzitegi Nazionaleko 4. sekzioak.

Gaixorik dagoela ziurtatzeko, hamabi ordutik behin auzi-mediku batek aztertzen du Otegi, senda-agiria jasotzeko moduan den momentuan Auzitegi Nazionalerako bidean jartzeko, greba eguneko gertakariengatik deklara dezan. Ertzaintza ari da zaintzen Batasuneko buruaren etxean "ihes egin ez dezan". Efe albiste agentziak "iturri juridikoetan" oinarrituta zabaldu duenez, gaur goizean erietxe batera eraman behar zutenerradiografiak egitera, atzo auzi-medikuak bularrean "zaratak" antzeman zizkiolako.

Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero espetxeratua izateko arrisku handia du Otegik. Izan ere, une honetan baldintzapeko askatasunean dago, 40.000 euroko bermea ordainduta, eta agerraldia egiten duenean kartzelan sartzeko eskatuko du fiskalak Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak aurreratu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.